PRINTZIPIO KOOPERATIBOEI SARIA
KOOPERATUZ SARIABDSKoop Elkarteak (BidasoaKoop Elkarteak) “Kooperatuz”, printzipio kooperatiboei saria sortu zuen aurreko urtean. Behe Bidasoako enpresak sarituz hasi ginen, eta aurten Gipuzkoa osora zabaldu dugu saria. Gipuzkoan aurtengo kurtsoan eratutako kooperatiba eta sozietate laboralak ezagutzera eman nahi ziren, eta hauekin batera, hauen printzipio eta lanak balioan jarri.
Kooperatiba izatea ez delako CIF huts bat, kooperatibak baino, kooperatibistak behar ditugulako, “Kooperatuz” saria eman nahi diegu ekonomia sozialean, era kontzientean sortu diren enpresei.
Ekonomia Soziala zabaltzeko bidean
Gipuzkoan 20 erakundetik gora daude egunero enpresak eratzen laguntzeko lanean, eta denak, maila handi edo txikiagoan, ekonomia sozialeko enpresak eratzeko bideak dihardute. Gipuzkoako Garapen Agentzien garrantzia eta beharra azpimarratu nahi dugu. Erreferentziazko gune publikoak dira eta ezinbestean ditugu Gizarte Ekonomiaren aliatu izateko beharra. Herritarren beharrei erantzungo dion ekonomiaren lanketan bidelagun izatea garrantzitsua da. Hitz batez, Garapen Agentziak ekonomia soziala sustatzeko agente garrantzitsuak dira, baina ezin liteke Gizarte Ekonomiako enpresen garapena ulertu Elkar-lan gabe.
Elkarlanek azken 36 urte hauetan egin duen lana uka ezina da. Era berean, Gizarte Ekonomiaren sustatzaile eta erakunde erreferentzialak ditugu ere Olatukoop (KoopFabrika), REAS Euskadi eta Mugarik Gabeko Ekonomilariak. Guzti hauetaz gain, Gipuzkoako gestoria asko eta asko ditugu Ekonomia Sozialeko enpresak sortu eta kudeatzen laguntzen. Era berean, prozesu eta emaitza hauen ikerlariak ezinbestekoak ditugu, hala nola, EHU-ko GEZKI saila edota MU-ko Lanki.
Guzti hauek osatzen dugu Gipuzkoan ekonomia hobe bat, ekonomia jasangarri, sozial eta bidezkoago bat egingo duen ekonomia bat. Ekonomia Soziala delako eraldaketa sozialerako tresna ekonomikoa, trantsizio ekosozialari, justizia sozialari, arte eta kulturaren sustapenari, zaintzen krisiari, berotegi globalari, nekazaritza berreskuratzeko beharrari eta beste ehundaka erronkei erantzuteko tresna eraldatzailea, barrura, zein kanpora begirakoa.
Oraindik asko dago egiteko
Baina bai, oraindik asko dago egiteko. Gipuzkoan 800 kooperatiba eta lan sozietate inguru gara, eta 14.000tik gora SL-ak. Eredu kapitalista gailentzen da gaur egun gure gizartean, eta forma juridikoak enpresaren izaera soziala determinatzen ez badu ere, oinarri sendoa ematen du bide bat edo beste jorratzeko. BDSKoop-etik elkarte eta kooperatibak sustatzen jarraituko dugu, gure erakunde bidelagun guztiekin batera, krisi global kapitalistaren aurrean alternatibak eraiki ditzakegula sinisten dugun guztiokin batera.
Irabazleak
Aurten 2 irabazle ordez, 4 edukiko ditugu. 2 barrura begirako printzipioetan, eta beste 2 kanpora begirakoetan. Saria Gipuzkoara zabaltzean, oso lehiatua egon da. Kalitate handiko proiektu asko topatu ditugu eta zaila izan da bi soilik aukeratzea. Horregatik, sariko diru kopurua piskat banatuta, saridun gehiago jartzea erabaki dugu. Geroz eta gehiago gara alternatiben olatuan gehitzen garenak.
Honen bestez, honakoak izan dira kategoria bakoitzerako irabazleak:
IZAERA DEMOKRATIKOARI SARIA :
Sarrera librea eta borondatezkoa, kudeaketa demokratikoa, parte hartze ekonomikoa eta autonomia eta independentzia printzipio kooperatiboei erantzunez,
Batera Aske Koop. Elk. Txikia,
Aniztasun Funtzionala duten pertsonentzako hezkuntza.
Dejabu Konpainia Koop. Elk. Txikia,
Antzerki eta arte lanak.
KOMUNITATE eta BESTE KOOPERATIBEKIKO LANKIDETZA ETA INTERESA SARIA:
Hezkuntza, informazioa eta prestakuntza, komunitatearekiko interesa eta kooperatiben arteko lankidetza balio kooperatiboei erantzunez,
Maïa Permaculture Koop. Elk. Txikia,
Proiektugintza permaculturaren ikuspegitik.
Magma Mia Koop. Elk. Txikia,
Antzerki eta arte lanak.