ITSASOIKO

HERRITARREN OTZARRAK TOKIKO ARTISAU ARRANTZAREKIN BETETZEA HELBURU DUEN EGITASMOA

ITSASOIKO LAN-TALDEA

Euskal baxurako flotaz ari garenean, inguraketa sareekin dabiltzan arrantza-ontzi handiak dira gehiengoari burura datozkigunak; eta haiei lotuta, berdela, antxoa, sardina, txitxarroa, hegaluzea… Baina, batez ere kostaldeko herritara gerturatuz gero, bada flota honen barruan kokatzen den bestelako arrantza jarduera bat: eguneko artisau arrantza.

Horrela aritzen diren arrantzaleak egunero irteten dira itsasora; oro har, ontzi txikietan lan egiten dute, gehienez hiruzpalau lagunek osatutako taldeetan (bakarrik dabiltzanak ere badaude), arte txikiak erabiliz, gehienbat eskuz lan eginaz eta arrainak banaka-banaka ontziratuz.

Munduan zehar halako arrantza-ontziak gehiengoa badira ere, azken hamarkada honetan, Euskal Herrian, artisau arrantzan dabilen ontzi kopurua erdira jaitsi da. Bai, datuak harridura eragin dezake, baina kostaldeko herrietara gerturatzea besterik ez dugu, azken hamarkadatako bilakaeraz jabetzeko: arrantza kutsua zuten herrietako portu gehienak, egun, kirol-portu bilakatu dira. Eta, eskala txikiko arrantza jarduera honen galerarekin batera, gure kostaldeko herrietako kultura-ondarearen zati handi bat galtzen ari gara. Ez baita soilik gure portuek eman duten itxura aldaketa, edota gure herrietan kontsumitzen den arrainaren gehiengoa ez datorrela bertako portuetan deskargatutako arrantzatik. Honetaz gain, herritar gehienentzat gure arrantzaleek egunero gure kostaldetik dakartzaten hainbat eta hainbat arrain espezie ezezagunak dira, edota ez dira ohiko otorduetako jaki.

Elikadura burujabetza pixkanaka eta pauso txikiz bada ere bere tokia irabazten ari den garaiotan, geroz eta arreta gehiago jartzen dute kontsumitzaileek lurreko produktuak non eta nola ekoitzi diren jakiteko. Modu honetan, tokian tokiko produktuaren kalitatea baloratzen da, nolabait. Itsasotik datozen produktuen kasuan, ordea, zailagoa izan ohi da. Paneka, barbarina, mihi-arraina, kakajalea, lirioa, arraigorria… Batzuk ezagunagoak, besteak ez hainbeste, baina gehienak bizirik iristen dira portura, eskuz jasoak izan dira, eta kalitate handiko arrainak dira. Herritarrok gure eguneroko otzaran ordea, gutxitan sartzen ditugu. Eta herria bertako arrainaz elikatu nahi bada, inguraketa-arrantzatik kostera ezberdinetan datozkigun berdel, antxoa edota hegaluze aski ezagunak ere beharrezkoak dira. Baina gure arrantzarekin dugun kontaktua horretara mugatzen jarraituz gero, arrantzaren jarduera hori bakarrik geratuko da gure artean.

Kezka hauekin guztiekin lotuta sortu da ITSASOIKO proiektua, itsasoa eta sasoiko produktuen elikadura uztartuz, gure tokiko elikadura sistemaren hornikuntzan eguneko artisau arrantzaren aldagaia txertatzea helburu duena.

Bi urteko iraupena izango duen egitasmo hau (2021 – 2022), Ondarroa 12 Milia eta Bizilur elkarteen elkarlanetik sortu da, eta hiru ardatz nagusitan oinarritzen da:

Lehen helburua, bertako eta sasoiko arrainaren eta honen arrantzaren inguruan sentsibilizazio materialak sortzea da; hala nola, laster kaleratuko den eguneko artisau arrantzak harrapatutako sasoiko espezieen gida, edo arrantza sektorearen bilakaeraren inguruko dokumental bat, azken hau 2022rako aurkeztuko dena.

Proiektuaren bigarren ardatzak kostaldeko herrietan kezka zabaldu eta balizko alternatibak herri mailan pentsatu, adostu eta aktibatzea bilatzen du. Esate baterako, Mutrikun, eguneko artisau arrantza arraindegietan identifikatzeko zigilu bat sortu dute, herrian arrain horren kontsumoa bultzatzeko martxan jarritako kanpainaren baitan. Getarian ordea, errelebo faltan dute jo-puntua. Bertan, gainera, datorren Azaroaren 19-20 eta 26-27an, ‘OTZARRAIN: Arrantzarekin herritarren otzara bete’ izenburupean Nazioarteko jardunaldiak antolatuko dituzte, aipatu gai hauen guztien inguruan eztabaidatu eta arrantza eta tokiko elikadura sistemaren arteko lotura estutzen lagunduko duten ekimen puntualak abian jartzeko asmoz.

Eta azkenik, hirugarren ardatza, herrietako ekimen horiek aurrera eraman eta herritarren artean zabaltzeko, hurbileko instituzioen lanketa amankomuna bultzatzea da, besteren artean, Udal bakoitzak, bere gogoetatik abiatuz, dituen baliabideak aktibatu eta herritarrek martxan jarriko dituzten ekimenen mesedetan jarriz gero, haien etekina handituko delako. Izan ere, arrantza-kudeaketa aldatzea zailagoa den arren, arraindegian eguneko artisau arrantza erostea, edota herriko gazteak ogibide honetara gerturatzea, hori, herritarron esku baitago. Eta hori da ITSASOIKO proiektuak bilatzen duena: arrantza sektorearen alde herrietatik ekimen edota ekarpenak sustatu eta, bereziki, kinka larrian dabilen arte txikien arrantzaren biziraupenaren alde egiteko moduak bilatzea. Honetarako, haiek porturatutako eguneko arraina lehentasunez herritarron elikadura sisteman txertatzea modu bat da. Baina erronka herri bakoitzak bere errealitatetik abiatuz tokian tokiko ekimenak martxan jartzea da, artisau arrantza ez dadin gure portuetatik desagertu.

Pin It on Pinterest

Share This