HIRI DEMOKRAZIAREN ERRADIKALIZAZIORAKO 3 TRESNA

AUZO-BARRUTIAK, HERRI KONTSEILUA ETA BOTERETZE ESKOLA HIRITARRA

TESTUA: IKER EIZAGIRRE

ILUSTRAZIOAK: LUCÍA CALVO SÁNCHEZ

“Auzo, udalerri edo hiri jakin batean gauzatzen diren parte hartze praktika konkretuak dira bizi dugun demokrazia eredu erreala zehazten dutenak”
(Vilaregut, Viejo eta Martí. 2009)

2008an abiatu zen krisiak erakutsi digu nola, sistema kapitalista batean, dimentsio ekonomikoak dimentsio politikoa azpiratzen duen. Bizitza kolektiboak arautzea merkatuaren esku utzi duen zibilizazio baten miseriak agerian geratu dira: Etxe kaleratzeak, murrizketak, prekarizazioa, depresio soziala, langabezia, etab. Demokrazia? Merkatu sistemaren ertzetan, lau urtean behineko erritual garaikide bati mugatua. Espektakulu tamalgarriaren aurrean zenbait hiritan aldaketa nahia: “Demokrazia erreala ORAIN!”

buespenak salbuespen, arrakala handitu egin da jendartearen eta politika profesionalizatuaren artean; Hiritarron eta gobernatu nahi gaituen erregimenaren artean. Sistema politikoaren “zilegitasun krisia” bezala ezagutu izan den hausturaz ari gara bai.

Zilegitasuna berregin nahian, erregimenak bi ildo nagusitan ekin du: Gardentasunaren promesa -tarteka lortua- eta “parte hartzearen” burbuila puztea. Azken honek, azalekoa izanagatik ez du bere egitekoa lortu eta agortze zantzu nabariak ditu. Parte hartzea, jarraikortasunik eta izaera loteslerik gabeko ekitaldietara mugatu da. Hiritarra ahalduntzeko helbururik gabe, zurikeriaren espektakulura mugatu da kasu gehiegitan. Demokrazia egitekoaren ardura hiritarroi pasa nahi izan zaigu, horretarako inongo tresna seriorik eman gabe.

2021ean zilegitasun krisiaren sakontzea ekarriko duen krisi sozio-ekonomiko berri bat dugu ate-joka. Ataka honetan, erradikalizazio demokratikorako agenda birrosatu beharrean gaude, kaosari aterabide emantzipatzailea eman nahi badiogu. Honezkero aitortu dugu “euskal hiritar” garela herritar baino gehiago eta hortaz ortzi-muga demokratizatzaile horrek “hiri usaina” behar du. Demokrazia zuzenak gertuko eskala maite duenez, auzoetatik hirira izango da prozesu eratzailea.

Konplexua izango den bide hori garatzeko, hiru tresna: Auzo-barrutiak, Hiri Kontseilua eta Hiritar Boteretze eskola.

AUZO BARRUTIAK: HIRIAN EGOTETIK, AUZOA IZATERA

Demokraziaren erradikalizazioren ikusmiran, hiritarrok deliberatu eta erabakiak hartu ahal izateko gertuagoko marko lotesleak behar ditugu. Ondo ezagutzen dugun bizigunearen inguruan modu iraunkorrean eztabaidatu, prozesuan, harreman sozialak estutu eta maila indibidual eta kolektiboan boteretu. Egoiliar izatetik bizilagun bilakatu, hiritar izaterako prozesua gauzatu. Hirian egotetik, auzoan izatera jauzi egin.

Agenda askatzaileak mikro politika ekarri behar du erdigunera eta auzo-gunea ardatz duten komunitate politikoak ehundu. Demokrazia zuzenago batek eskala txikiago bat exijitzen duela argia da eta hirian auzoa da eskala txiki hori. Beraz:

  • Auzoetan erabaki: Auzoek eduki behar dute deliberatzeko gaitasuna; hartzen diren zenbait erabaki lotesle izango diren bermea eta hauek egikaritzeko baliabide publikoak.
  • Auzo Planak: Parte-hartzea, deliberazioa, ehuntze komunitarioa eta aurre-kontu partidak lotzeko “tresna giltzarriak” Auzo Planak dira; deliberatu duen komunitatearen agenda komuna baita.
  • Auzo ordezkaritza: Ordezkaritza zuzena eduki behar dute auzoek udalean, hiri oreka hobetu eta auzo-interesak plaza komunean planteatu ahal izateko. Egiturazko aldaketak egitera bagoaz auzo ordezkaritza horrek ezin du nolanahikoa izan: Auzokideek modu gardenean hautatua behar du. Auzo alkateak? Auzo kontseiluak? Batzordeak? Asmatzea libre.

Hiri askotan hamaika auzo ditugu eta auzo bakoitzak deliberazio/aurrekontu/ordezkaritza propioa izatea eraginkortasunik gabeko eskema izan daiteke. Maiz gertuko auzoek ezaugarri komunak partekatzen dituzte gainera: “Unitate funtzional” berbera dira. Horregatik komenigarria izan daiteke auzo-multzoak adostea.

Horixe da hain zuzen auzo-barruti bat: Ezaugarri komunak dituzten auzo-multzoa, zeinak hiri politikarako autonomia-eskumen bereziak dituen. Deliberazio eta ordezkaritza politikorako eskumen berriz ornituriko gertuko eskala berri bat. Erradikalizazio demokratikoaren eskala estrategikoa.

HIRI KONTSEILUA: TENTSIO SORTZAILEA

Sakontze demokratikoa auzotik abiatzen da baina ezin da inolaz ere hor amaitu. Honek esan nahiko luke hiritarrok gertuko afera txikien jabe ginatekeela soilik. Auzo barrutietatik abiatzen den prozesuak hiriko arkitektura politiko dena busti eta eraldatzeko anbizioa eduki behar du. Norantz eraldatu? Hiritar kolektibo eta auzo-barrutien ordezkaritza zuzen bat ahalbidetuko duen Hiri Kontseilurantz.

“Hiri Kontseilua” hiriko gidaritza politikoan modu zuzenean (alderdien bitartekaritzarik gabe) murgiltzeko hautua egin duten kolektibo eta auzo ordezkarien topagune komuna da. Hautes-ontzi bidez jarriak eta jendarte aurrerakoi batek behar dituen sentsibilitateen ordezkaritza ponderatuz osatua. Feminismoak, sindikalismoak, ekologismoak edo/eta anti-arrazismoak berariazko ordezkaritza du Hiri Kontseiluan Auzo-Barrutiekin batera.

Hiriko afera nagusien inguruko irizpide estrategikoak landuko dira. Hiri Kontseilua partaidetza zuzenerako organo gorena da. Irekia, iraunkorra eta erabakiak hartzeko botereduna. Alkate eta zinegotziek osatzen duten Udal Batzaren pare kokatzen da udalerriko hierarkian. Trantsizio prozesua bermatu eta azkartzeko tentsio sortzailea eragingo duen botere bikoiztasunaren zutabea da Hiri Kontseilua.

Honela Hiri Kontseiluak eta honen sorrera sostengatzen duen prozesu sozialak erradikalizazio demokratikorako eszena berri bat sortze du: Udal Batzak eta Hiri Kontseiluak elkarrekin gobernatu behar duten egoera demokratikoki berritzaile bat.

HIRITAR BOTERETZE ESKOLA: BOTEREA HARTZEKO PRESTATU

Klase “hirikoia” ez gaituzte agintzeko, dinamizatzeko eta erabakiak hartu ahal izateko hezten. Langile eta hiritar mirabe fin izateko baizik. Honela, zailtasunak ditugu hiriaren funtzionamendu eta norabidearen inguruko diagnosiak eraikitzeko, proiektuak garatzeko eta horiek gauzatzeko prozesuak sustengatzeko. Jakintza eta interes gabezia handiak ditugu hiria osatzen duten eremu askoren inguruan: Zer da HAPO bat? Ba al dugu parte hartzeko arautegirik? Ze sail, batzorde eta mahai daude udalean? Ze udal enpresa ditugu? Zer egiten du Garapen Agentziak zehazki? Etab.

Eduki zehatz hauetatik harago, erradikalizazio demokratikoak exijitzen dituen gaitasun sozio-komunitarioetan ere hutsuneak daude: Kamuztuak ditugu dinamizazio gaitasuna, publikoan hitz egiteko eta adieraztekoa, enpatia, gatazka kudeaketa, borondate kolektiboen eraikuntza, etab. Hamarkadatako kultura indibidualista eta sozio-fobikoak harreman komunitarioetarako ezgai utzi gaitu.

Honela, uste dugu prozesu honen euskarri eta xede ere badela hiritar boteretzea. Maila pertsonalean hiritar oso izan eta klabe politikoetan sakontzen demokratikoaren subjektu aktibo bilakatzeko. Ahalduntzea hiritarrok hiritarrentzako eginiko eskola batetik abiatu beharra dago.

Udalarekin elkar-lanean eta baliabide publikoz ornitua, baina erabaki autonomia izango duen hiritar instituzio berri baten bidez. Hots, eskola popular bat zeinetan gure hirietan kolektiboki boterea hartzeko prestatzen joango garen. Hiri laborategi bat zeinetan gure bizitza kolektiboen jabe egin ahal izateko trebatuko garen. Zeinetatik gure hiritartasuna landuko dugun, hirian pertsona osoago izan ahal izateko.

Pin It on Pinterest

Share This