GUZTI HORI GARA (II)
EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEAREN IPARRORRATZATESTUA: ENEKOITZ ETXEZARRETA ETA MIRENE BEGIRISTAIN
GUZTI HORI GARA (I) Artikuluaren jarraipena da hau.
ATARIKOA
Ekonomiak sozial eta eraldatzaile izenondoak jarrita zer eman nahi dugun aditzera azaltzeko saiakera egin genuen aurrekoan, eta horrekin, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen (ESE) baitan kokatzen diren proiektu, enpresa edota kolektiboek nondik nora ari diren zehazten da, lehen lehenik, ekonomia deritzogun hori jendartearen benetako beharrizanak ase eta jendarte eredu justu eta iraunkorra eraikitzeko.
Eta zentzu honetan azpimarratzen genuen: ESE proposamenaren bitartez ekonomia sozialekoak diren enpresa eredu ez kapitalistak, jendarte eraldaketarako proposamen politikoa artikulatzera datoz. Bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten elementu ugariren lanketa txertatzera egunerokoan, eta jendarteari begira duten bokazio politikoa antolatzera, jardute dinamika ezberdinetan eraginez.
Eta galdera hau zuri-beltzean jarri genuen: Baina, nola antolatu “–tasunez” ESEari lotzen dizkiogun helburuak? Ekintzailetza sozial kooperatiborako adierazle sistemaren proposamenarekin, baliagarriak izan daitezkeen mekanismoak eta horien benetako aplikazio erreala neurtzeko tresna bat proposatuz.
BAI, BAINA… ZERTARAKO EKINTZAILETZA SOZIAL KOOPERATIBORAKO ADIERAZLE SISTEMA BAT!?
Adierazle sistema: garai tarte jakin batean biltzen diren datu edo datu multzoak dira, zeintzuk erakunde batek edo erakunde bateko talde batek aurrez finkatutako helburu batzuen lorpen edo joera maila neurtzen duten.
Adierazle sistemen eraikitze-prozesuetan bi joera nagusi egon izan dira: adierazle sintetikoak eraikitzea (adibidez aztarna ekologikoa edo ingurumenaren iraunkortasunaren indizea), edo helburuen araberako adierazle nagusiak ezartzea (egun hain ezagunak egin diren Garapen Jasangarrirako Helburuen Adierazleak bezalakoak). Metodologia ezberdinak sortu izan dira eremu ezberdinetan (nekazaritza, enpresa kudeaketa, energia sektorea, basoen kudeaketa, garraioa eta logistika, hondakinen kudeaketa, txikizkako banaketa, …) eragin ekonomiko, ekologiko eta sozialak ebaluatzeko, dela enpresaren kudeaketa mailan dela lurralde baten proiektu batek duen eragina ebaluatzeko.
Eta ESEren paradigmaren baitan zertarako adierazle sistema bat?: Jakiteko, hausnartzeko, ahalduntzeko eta eraldatzeko. Ekintzailetza sozial kooperatiboko proiektuak ESEaren ikuspegitik aztertzea, ezagutzetan eta gakoetan sakontzeko eta sortzen ari diren zailtasunetan eta ikuspegi berrien eta joera aldakorren inguruan hausnartzeko balio dezake. Baita proiektuen abiapuntuko eskaeren irizpideak zehazteko ere eta ESEko proposamen ororen auto-ebaluzioarako tresna (ispilua) gisa berdin. Enpresen eta kolektiboen praktiken sistematizaziorako tresna baliagarria izan daiteke halaber, proiektuen exekuzioa hobetzeko, ezagutza berriak sortzeko, lan taldean garatu eta lan taldearen gaitasunetan sakontzeko eta ahalduntzeko. Eta egiten duguna jaso eta kontatzeko, borrokak eta alternatibak legitimatu eta boteretzeko, horretarako ere bai.
Arrazoi nahikoak badiruditen arren, gorputzak berak eskatzen du horrelako zerbaitetan murgiltzeko adierazle sistema horren eraikuntza ere beste modu batera egitea, bestelako ekonomiak bestelako modu batean eraikitzako tresnak izan beharko direlako. Horrekin sinistuta prozesua abiatu genuen 2019ko udaberrian, Koopfabrika eta Olatukoopeko kideekin. Abiapuntu hartan, ESEaren helburu, irizpide eta beharrezkoak ziren adierazleekin proposamen baten zirriborroa egin genuen, hainbat kontu argitan beste batzuk lainotan. Ostean, Koopfabrikan izandako saioetan zuen proposamenak martxan jarri dituzuen zenbait proiektu bidelagun izan zarete abiapuntuko zirriborroari iparrorratz lurreratuagoa emateko.
EKINTZAILETZA SOZIAL KOOPERATIBORAKO ADIERAZLE SISTEMA – ESE IPARRORRATZA
Adierazle sistemaren eraikuntza prozesuak erakutsi digu orea bazela. Kide baten hitzetan: ESE nola materializatzen den ezagutzeko balio du, eraldaketaz ari garenean zertaz ari garen ikusteko, eta zentzu horretan ideologia eta kokapen politikoa ematen dio gure lanari.
Emaitza, 5 helburu, 16 irizpide eta neurgarriak egiten dituzten 42 adierazleetan zehaztu dugu.
Prozesu honen balioztatze fase desberdinek tresna honen baliagarritasuna eta izaera erakutsi dizkigute: plangintza estrategikoak lantzeko diagnostikoak egiteko heldulekua, proiektuen prozesuetan helburuen lanketa ordenatu eta mailakatua zehazteko termometroa, ESEan garatu beharreko helburuak zein prestakuntza eta formazioak behar ditugun identifikatzeko zoom-a, eta komunikazio tresna ere bada, barrura zein kanpora begira narratiba partekatu baterako elementuak komunikatzeko.
Berriz, prozesu honek sortu ditu ere zalantzak, ez baita erreza gure egunerokoan funtzionaltasunak gorpuzteko aukerarik izatea, kide baten hitzetan: Adierazle sistema bat sortzeak eta mantentzeak duten kosteak bere eraginkortasuna justifikatzen du? Adierazle sistemak iparrorratz gisa duen baliagarritasuna bermatzeko nahitaezkoa da kolektiboki lantzea, lankideekin batera edota akonpainamendu batekin, edota lan eremu berdin edota desberdinetan dauden beste proiektuetako kideekin. Beraz, nahitaezkoa da denbora eta pertsonak behar ditugula ohartzea, modu kolektiboan eta antolatuan, iparrorratza modu egoki eta iraunkorrean erabili dadin. Modu horretan errealitate konkretuei erantzun kokatuak eskaini ahal dizkigun magnetizatutako orratza izango dugu.
ESE ADIERAZLE SISTEMAREN HELBURUAK ETA IRIZPIDEAK
irudian ESE adierazle sisteman garatutako helburuak eta irizpideak jasotzen dira. Helburu eta irizpide horien definizio zehatza edota horien neurketarako adierazleak jakin edo eskuratu nahi izanez gero jarri harremanetan Olatukoopeko kideekin edota idatzi honetako egileekin.