GUZTI HORI GARA (I)
EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEAREN PROPOSAMENATESTUA: ENEKOITZ ETXEZARRETA ETA MIRENE BEGIRISTAIN
Zer da Zer ekonomian?
Ekonomia sozial eta eraldatzailea.
Okertua behar du gero lehen izen honek, ekonomiak, nolabait edertu nahi eta bi izenondo jarri behar izateko. Zer ote du ba ekonomiak, herritarrentzako atseginagoa, gertukoagoa, etxekoagoa den adiera bat eman nahian, horrenbeste adjektibo behar izateko?
Ez gara noski ekonomiak diziplina zientifiko gisa izan dituen gora beherez jardungo lerrootan. Soilik abiapuntuko lehen ideia bat jarri nahi dugu mahai gainean: sozial eta eraldatzaile izenondoak jarrita aditzera ematen da, lehen lehenik, ekonomia deritzogun hori oso urrun aurkitzen dela herritarron kontrolpetik eta are, jendartearen benetako beharrizanak ase eta jendarte eredu justu eta iraunkorra eraikitzetik.
Hortaz, zertaz ari gara: bestelako enpresa ereduak garatzeaz ari gara, bestelako ekonomia eredu bat ezartzeko.
Ekonomia gaur egun ulertzen dugun moduan eskola neoklasikoak duela bi mende pasatxo eginiko sinplifikazio ariketa erraldoi baten emaitza da. Ariketa honen arabera, ekonomia diziplina gisa merkatuan gertatzen diren ondasun eta zerbitzuen ekoizpen eta elkartrukeen analisira mugatzen da; merkatu honek bere arau propioak ditu,bestelako jendarte eta kultur balioez apartekoak; enpresa eredu kapitalista da merkatu ekonomia honetara egokien doitzen den enpresa eredua, eraginkorrena den neurrian merkatuak bultzatzen dituen lehia dinamiketan bizirauteko.
Sinplifikazio ariketa hau, garaiko burgesia gorakorraren interesen neurrira eginikoa zen eta merkatutik kanpo eta eremu ikusezinean utzi zituen jarduera ekonomiko haiek garatzea posible izatea egiten zutena (dutena); hots: natura, etxeak eta komunitateak, eta beraien ekarpenen doakotasuna ziurtzat jo. Etxeetan eta Komunitateetan tradizionalki emakumeek* eginiko jarduerak ikusezin bihurtzea interesetik eta indarkeria modu desberdinetatik egiten da posible. Hor garatzen da Homo Economicus terminoa, eta hurbilen dagoen haragitzea “gizon, zuri, heldu, hetero, osasuntsu eta hizkuntza hegemonikoetan mintzatzen” dena da. Horren aurrean, ekonomia begirada ez ortodoxoek erakusten digute homo economicus-ak ez dituela giza portaerak azaltzen, baizik eta ekonomia menderatzailearen teorian sartzen den eta menderatze patriarkalaren eta kolonialaren sistemen interesei erantzuten dien gizabanakoa idealizatzen duela. Horrek esan nahi du mendebaldeko merkatu kapitalistaren forma idealetik kanpo geratzen den antolaketa ekonomiko eta sozial oro desagerrarazteko ahalegina egin dela.
Erdigunean jarri ziren (jartzen dira) hortaz, merkatu ekonomia eta enpresa eredu kapitalista, eta bazterretara kondenatu bizitzaren iraunkortasunerako ezinbestekoak ziren eta diren bestelako harreman eta jarduera oro. Ekonomia sozial eraldatzailea ertz horietako baten oinordekoa da.
Soziala izateak zer gehitzen dio ba ekonomiari?
Ekonomia neoklasikoak hegemoniko bilakaturiko ekonomiaren adiera menderatzaile honen aurrean, ekonomiak behar luke jendarteari eta bere inguruneari lotua, eta hargatik behar luke izan sozialagoa. Baina soziala esanda, zer esaten ari gara, zehatz mehatz? Sozialki engaiaturiko egitasmoak direla esanda, zer gehitu diogu egiazki lehen izenari? Bistan denez, “sozial” hori definitzeko moduak, jendarte ereduak ulertu eta irudikatzeko moduak bezainbeste dira.
Ekonomia sozialak, historian zehar gauzatu duen praktikaren bitartez, erantzun ditu nolabait galdera horiek. “Sozial” izate hori hiru ardatz nagusiren gainean eraikitzen du: pertsonak, kolektiboki antolatuak, eta komunitate bati atxikiak, lurralde batean txertatuak. Beraz, pertsonak erdigunean jartzen dituen enpresa ereduez dihardu, jabego kolektiboan eta erabakimen partekatuan antolatuak direnak eta komunitatearen beharrizanetatik sortuak eta horri emanak eta hor kokatua. Hiru ezaugarri horiek argien hezurmamitu dituen enpresa eredu nagusia, historikoki, eredu kooperatiboa izan da.
Enpresa eredu kooperatiboa, funtsean, lan komunitate bat da, botere, erabakimen eta errenta birbanaketa mekanismo berdinzaleen bitartez, pertsona ororen duintasuna jartzen duena lehen planoan. Pertsona burujabeek osaturiko enpresa eredua da, jabegoa kolektiboki partekatzearen ondorioz demokrazia ekonomikoko mekanismoen bidez arautzen dena. Baina hori baina gehiago ere bada: komunitate bati loturiko egitasmoa da, bertatik sortu eta berorri emana, gehien gehienean jendartearen enplegu, elikadura, etxebizitza, hezkuntza eta bestelako beharrei emandako erantzun komunitarioaren emaitza baitira enpresa kooperatiboak.
Merkatu logiketatik askatu eta jendarteratu beharreko ekonomia hori, beraz, modu horretan jendarteratzen du ekonomia sozialak: herritarren esku utziz ekonomiaren gaineko kontrola, pertsonari itzuliz dagokion sortzetiko duintasuna eta komunitatearen beharrizanetara lerratuz jarduera ekonomikoa.
Kitto! Hasieran planteaturiko ”ekonomia” terminoen arazoak ebatziak dirudite. Kapitala eta lanaren arteko gatazka klasiko hura konponduta!
Eta zertara dator orduan bigarren izenondo hori, eraldatzaile hori? Ekonomia soziala, enpresa eredu ez kapitalisten bitartez antolaturiko enpresa sare hori, ez al da ba nahikoa, izate hutsez, egungo jendarte ereduaren alternatiba hedatu eta bestelako eredu ekonomikoa sendotzeko?
Eraldatzailea izango da, edo ez da izango
Galderak berak erakusten du erantzuna: ez da, ez denez. Enpresa hauek eredu ez kapitalistetan antolatzeak ez du eraldatzen sistema ekonomiko neoliberala, hedadura natural gisa, espero beharreko ondorio moduan. Kontra, alderantzizkoa gertatu izan da gehiagotan: enpresa ez-kapitalista asko eta askori gertatu zaio historian zehar, sistema kapitalistaren legeen pean jardun behar eta enpresa eredu kapitalistetan antzaldatzea.
Konstatazio historiko honek eskatzen du alerta egoera bat mantentzea beti, autokonplazentziatik urruntzea eta praktika errealen gaineko etengabeko berrikusketa egitea. Eskatzen du ere iparra argitzen joatea etengabe, antolakuntza logika ez kapitalista eta patriarkalen irudira eginiko jendarte eredu baterako proposamen politikoa zedarritzea, partekatzea eta jendarteratzea.
Horretara dator ba ekonomia sozial eraldatzailearen proposamena: ekonomia sozialekoak diren enpresa eredu ez kapitalistak, jendarte eraldaketarako proposamen politiko batean artikulatzera, hain justu. Jendarte eraldaketarako proposamen honek, bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten elementu ugariren lanketa txertatzen du enpresen egunerokoan, eta jendarteri begira duen bokazio politikoa antolatzen du jardute dinamika ezberdinetan eraginez.
Baina nola antolatu -tasunez, ekonomia sozial eraldatzaileari lotzen dizkiogun helburuak? Erantzunak eman nahi izan ditugu kolektiboki sortu eta antolatu dugun Ekintzailetza sozial kooperatiborako adierazle sistemaren proposamenarekin, baliagarriak izan daitezkeen mekanismoak eta horien benetako aplikazioa erreala neurtzeko tresna gisa. Bada bigarren alerako orea.