Views: 22
EZTIBELTZA KOOPERATIBA
AUZOLANEAN EGINA: SAGARDOAREN HERRI KULTURA KOOPERATIBOATestua: Dornaku Lanz
Argazkiak: Eztibeltza Kooperatiba
Eztibeltza kooperatibak Baztan bailarako sagarraren kultura, historia eta garrantzi agroekologikoak mahai gainean jarri ditu era kolektibo, herrikoi eta kooperatiboan. Xabier Torres, Oianko Garde eta Marijo Indabere dira gaur egun kooperatibako bazkide langileak, nahiz eta guztira 14 bazkideko kooperatiba izan. Hainbat jarduera eta lan lerro dituzte: Larraldea Sagardotegiaren kudeaketa, (jatetxea, zein sagardoaren ekoizpena), Gamioxarrea Dolaretxearen gestioa, Jo ala Jo Kultur Taldearekin batera eta Baztango sagar moten eta hauen historiaren azterketa eta ikerketa.
HASTAPENAK: JO ALA JO KULTUR ELKARTEA
Jo ala Jo Kultur Elkartearekin hasi zen bidea duela 25 urte. Baztango txalaparta eta sagardoaren kulturaren historia ezagutu eta hau berpizteko bideari ekin zion elkarteak eta 1999an lehenengo Kirikoketa festa antolatu zuen Arizkungo herrian. Kirikoketa lan eta musika tresna bat da aldi berean. Sagarra jotzeko egurrezko tresna hau doinu eta erritmoaz jotzen zen, lana joku bilakatuz. Haien aitatxik 1927an beste aitatxi bati aditua, ya Azken Karlistaden inguruan, ikusi izan zituela bi gizon ohol batzuen gainean hauek makilaz jotzen eta “Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa; sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela, jo dela” kantatuz. Guzti hau jaso eta irudikatzen zuen Kirikoketa festak izugarrizko arrakasta eduki zuen eta Kirikoketa musika tresna Euskal Kulturan hedatu eta ezagun bilakatzeko bidean bulkada handia suposatu zuen.
Horrekin batera, herrian bertan kokatzen den Gamioxarrea Dolaretxe barrokoa eraberritu zuten auzolanean, eta guzti hau inguratzen zuen historia ezagutu eta zabaldu. 1790eko fabrika hau dugu sagardoaren kulturak Nafarroan eduki duen garrantziaren testigu: honen musika, dantza eta tresnak; sagardoaren garrantzia arlo ekonomiko eta elikaduran mendeetan zehar; sagarrondoak bi urtetik behin ematen du sagarra, eta urtero sagardoa egin ahal izateko ingurukoekin egiten ziren akordioak; sagardo ekoizpena erregulatzeko neurri eta politikak; etab.
PASIOA OGI BIDE BILAKATZEKO SALTOA: EZTIBELTZA KOOPERATIBA
Urteetan era bolondresean eta aisian garatutako ekintza hauek profesionalizatu eta ogibide bilatzeko apostua egin zuten duela bi urte, eta Eztibeltza Kooperatiba sortzea erabaki zuten. Eztibeltza Kooperatibak 3 bazkide langile eta 14 bazkide laguntzaile ditu. Kooperatibako kapitala era ekitatiboan jarri da eta dirua ez den aportatzeko beste bideak ezarri dira, hala nola, lan indarra edo gaitasunak. Kooperatibak Baztanen identifikatu dituzten 26 sagar motetako baten izena hartu zuen: Eztibeltza. Eskualdean erro bera duten hiru sagar daude: eztibeltza, eztixuria eta eztigorria. Beltzak izaera kolektiboa ordezkatzen zuelako aukeratu zuten Eztibeltza.
Oraindik ere auzolana eta ikuspegi kolektiboa dira herriaren ondarea elikatu eta bizirik kontzeko egitura. Sagardoaren kulturak erakusten digu lan kooperatiboa eta auzolana direla herriaren lan egiteko era tradizionala eta ze forma juridiko hobea lan egiteko modu hau sostengatzeko elkartea edota kooperatiba baino. Jabetza kolektiboa, gauzen erabilera balioa merkatu balioaren gainetik jartzea, erabakiak hartzeko egitura horizontal eta demokratikoak… egitura sinbiotikoak izan dira herri lan tradizionala eta kooperatibagintza.
Profesionalizazioarekin batera, arlo kulturaletik, nekazal ekoizpen eta errestauraziorako saltoa eman zuten. Larraldea Sagardotegiak 1993an ireki zituen bere ateak, eta handik bi urtetara Euskal Herriko lehen sagardo ekologikoa egiten hasi zen. Guzti honen sortzaile eta sustatzaile izan zen Jesus Angel Garciak erreleboa pasa zion Eztibeltza Kooperatibari 2022 urtean.
SAGARDOA: KULTURAZ BLAI
“Kontziente ginen zerbait berria ematen ahalko bagenio gaur egungo sagardogintzari, testuingurua izango zela.” dio Xabi Torresek. Bide luzea izan da sagardotegira iritsi arte, eta bide luze horretan jasotako jakintza eta harreman guztiak islatzen dira kooperatiban. Larraldea ez da sagardotegi hutsa. Ikuspegi kultural guztia praktikan integratzen du, bere harremanetan, bere lan egiteko moduetan, bai eta haien eskaintzan ere.
Eztibeltzak Larraldea sagardotegiaz gain Jo ala Jo Kultur Elkarteak 2005ean auzolenean berritu zuen dolaretxea kudeatzen du: Gamioxarrea dolarea. 75-90 minutuko itzuli gidatuak antolatzen dira egun jakinetan eta 10 pertsonatik goragoko taldeentzako itzuli propioa antolatzeko aukera dago. Informazio guztia larraldea.eus web orrialdean aurkitu daiteke.
EKOIZPEN LOKAL ETA EKOLOGIKOA SUSTATUZ
Ekonomia eta ekologia kulturaren parte dira, eta hori ere oso presente dute Eztibeltza kooperatiban. Larraldeak gaur egun 30.000 L sagardo ekoizten ditu urtean bataz beste eta 3 hektarea sagarrondo baino gehiago kudeatzen dituzte. Jesus Angel Garciak utzitako ondarea mantendu eta zaindu dute eta dagoeneko sagardoak badu bere lekua merkatuan. Era berean, ekoizpen jasangarriakin jarraitu da, bertako sagar moten aniztasuna zaindu eta elikatuz eta sagardotegian bertako produktu lokal edota ekologikoak eskainiz. Ikuspegi agroekologikoa ezinbestekoa da lurralde garapen jasangarriko proiektu errotu eta kultural honetan. Herria zaintzeko lurra zaindu behar da ezinbestean.
IKERKETA LANA PROFESIONALIZATU
Elkartetik hasita, eta gaur egun kooperatiban jarraitzen duen lan lerro indartsua da ikerketa lana. Sagardoaren historiaren bidez eskualdearen historia soziala, administratiboa eta ekonomikoa ezagutzeko ariketarekin era profesionalean egiten jarraitzen dute Eztibeltzan. Besteak beste, gaur egun Europako sagar ekoizle nagusia den Normandiara sagarra Baztandik iritsi zela pentsatzeko arrazoiak dituzte eta hori baieztatzeko sagar moten azterketa genetikoa egiten ari dira bertako laborategi batean. Azterketa honek sagar haziaren mugimenduak argitzeaz gain, harreman ekonomiko eta sozialen inguruan informazio handia eman dezake.