Iragan den azaroaren 19an Elizondon elkartu ziren Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidean harremanak eta sareak josteko Euskal Herri osoko 40 pertsona baino gehiago.
Helburu nagusia, komun material eta ez-materialak kolektiboki lantzearen beharra izan zen. Horixe izan zen Elizondon egindako Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko bigarren topaketen mamia. Lekuko garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbestekoak diren baliabideak kolektiboki sortu eta antolatzeaz aritu ziren arlo ezberdinetatik etorritako dozenaka herritar eta 20 eragile ezberdinetako kideak.
Etxebizitzaren beharra, baso kudeaketa, nekazaritzarako lurren antolaketa edota teknologia, ezagutza zein informazioa kolektiboki lantzeko saiakeran ari diren eragile ezberdinek oinarrian partekatzen dituzten erronkez eta aurrera begirako pausoez aritu ziren. Bakoitzaren eremutik harago estrategia integralagoak garatzeko beharra nabarmendu zen.
Elkarlanerako bideak
Azaroaren 19ko topaketa pauso bat gehiago izan zen Hendaian 2019an abiatutako bidean. Ekonomia sozial eta eraldatzailearentzako mugaz gaindiko sarea sortzeko aukera sentsibilizatzen duten Olatukoop eta Atelier Lan Berri kooperatiba sareek, HEMEN eta Andere Nahia elkarteek izan ziren topaketaren deitzaileak, Baztango udaletxearen laguntza jasotzen dute.
Topaketek utzitako zapore gozoari jarraipena eman nahi diote lau deitzaileek eta hemendik aurrera ere mugaz gaindiko proiektu eta sareak josten jarraitzea adostu dute. Asmo horri tiraka ipar zein hego Euskal Herriko ekonomia eraldatzailearen saretzean parte hartzera dei egin dute, eta laster horretarako aukera berriak eta albisteak izango direla jakinarazi dute.
Elizondoko topaketen laburpenak ere jaso dituzte bertan parte hartu zuten kide ezberdinen lekukotasunekin osatutako ondorengo bideoetan:
The post Euskal Herriko mugaz gaindiko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen II.topaketa Elizondon appeared first on Olatukoop.