ELKARREKIN KOOPERATIBA

Testua: Parean
Argazkiak: Elkarrekin Kooperatiba

Elkarrekin, irabazi asmorik gabeko gizarte intereseko kooperatiba bat da, bereziki gizarte-arloko emakume profesionalez osatua. Ikerketa soziala egiten dute, pertsona migratu, bazterketa-arriskuan dauden pertsona eta adingabeak bezalako kolektibo ezberdinekin gizarte inklusio arloko esku-hartze eta sentsibilizazio proiektuak diseinatu eta gauzatuz.

Eskolan, ikasle, irakasle, familia eta esparru komunitarioan kulturartekotasuna zeharka lantzen duen “Ongi Etorri Eskolara” proiektuaren inguruan hitz egiteko elkartu gara haiekin.

1.- Noiz sortu zen Ongi etorri eskolara ekimena?

Ekimen hau 2014an sortu zen, Donostiako Egia auzoko Aitor Ikastolako guraso talde batek bultzatuta (gizarte-arloan profesionalizatuak). Haurrak ikastolatik jasotzean, gurasoak beraien kultura antzekoa zuten gurasoekin taldekatzen zirela ohartu ziren. Auzoan edota hirian jaiotako guraso euskaldunak alde batetik, Hego Ameriketatik etorritako gurasoak bestetik…

Taldekatzen honek kultura desberdinetako gurasoen artean harremanik ez egotea eragiten zuen, honek sustatzen dituen ondorio guztiekin; hau da, beste jatorri eta kultura bateko pertsonekiko aurreiritziak sortzea, eskolako familien arteko komunikazio eza, pertsona batzuen bazterkeria.

Taldekatzeaz gain, jatorria beste herrialde batean zuten eta etorri berriak ziren familia askok eskolako funtzionamendua jarraitzeko zailtasunak zituztela ohartu ziren. Eskolan berriak izanik eta hizkuntza bezalako faktoreak zirela medio.Hau honela, Lola Boluda eta Dorleta Mikeok gidatutako taldea, kulturarteko harremanak sustatzeko Familia Laguna programa bilakatuko zen ideia garatzen eta martxan jartzen hasi zen. Lehenik modu boluntarioan eta ondoren Elkarrekin kooperatiba txikia (ikerketa eta gizarte ekintzako kooperatiba) bezala.

2016 urtean, programak zituen emaitza onak ikusita, Familia Laguna programa barne hartzen duen proiektu zabalago bat sortu zuten: Ongi Etorri Eskolara proiektua. Honakoaren bidez ikastetxeei hezkuntza komunitate inklusibo baterantz kulturarteko eredu pedagogikoa martxan jartzeko akonpainamendua eskaintze zaie. 2016an, Donostiako Udaleko kultura aniztasunaren departamentuak diruz-lagunduta, Donostiako haur eta lehen hezkuntzako eskola desberdinetan hasi zen martxan. Gaur egun, Donostiako, Andoaingo, Errenteriako ikastetxe desberdinetan dago, baita Irungo Dunboa LHLI ikastetxean ere.

2.- Zein beharretan oinarritzen da zuen jarduna?

Gizarte-egituraren ikuspuntutik, gizarte arrazista, kapitalista, hetereopatriarkal, kapazitista batean bizi gara, pertsonen arteko botere-harremanak sortzen dituena, eta, beraz, gehiengo baten diskriminazioa eta zapalkuntza. Hau aldatzeko beharrean oinarritzen da gure jarduna, eta eskola eta komunitate inklusibo bat eraikitzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea da gure helburua.

Eskolara eta auzora etorri berri diren familia migratu askok ez dituzte hezkuntza sistemaren eta harrera-gizartearen ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzen. Honek zaildu egiten die baliabide horiek eskuratzea eta seme-alaben hezkuntza prozesuan parte-hartzea. Ikastetxeak baliabide urriekin ikusten dira familia hauei harrera egoki bat egiteko. Hau kontuan izanik, gure lana bazterkeria-egoera horiek iraultzea da, hezkuntza-komunitate osoarekin lan eginez.

3.- Zeintzuk dira proiektua garatzeko aurkitzen dituzuen zailtasunak?

Denbora eta baliabide falta da ohikoena. Egiten dugun lana artisau-lana da, hurbiltasun-harremanetan oinarritzen dena, eta, beraz, denbora eta ahalegin gehigarria eskatzen du, askotan gure gizartearen produkzio-dinamikekin bat ez datorrena, nahiz eta frogatuta egon emaitzak lortzeko modurik eraginkorrena dela.Denboraz gain, esku hartzeko dinamika horiek gauzatzeko baliabideen (ekonomikoak hein handi batean) falta da aurkitzen dugun beste zailtasunetako bat.

4.- Urte hauetan esperientzia politak bizi izango zenituzten…zein da gogoan duzuen bat?

Lana edo etxebizitza lortu duten familiak ditugu. Euskara gerturatu eta ikastera animatu direnak edota eskolako eta auzoko elkarte, iniziatiba eta ekimen desberdinetan parte hartzeko pausoa eman dutenak.

Bere jatorrizko kultura eta ama hizkuntza aitortzeari uko egiten zion neskato baten kasua izan genuen, garrantzitsua ez zela uste zuelako, eta ikasgelan amaren jatorrizko kultura balioesteko prozesu baten bidez, neska hori ama hizkuntzaz interesatzen hasi zen, eta Bereber ikastea erabaki zuen.

5- “Arrazakeria eskolan errealitate isildua” lelopean Irungo Dunboa ikas komunitatean egin zenuten hitzaldia; uste baina arrazakeri egoera gehiago topatzen dituzue?

Egunerokoan eta egoera eroso edota pribilegiatu batean bizi garenok ez gara ohartzen gure kideek pairatzen dituzten diskriminazio eta egoera askotaz. Honelako formakuntzek, aukera ematen digute arrazakeriaren gaia erdigunean jarri eta eguneroko bizitzan normalizatzen ditugun iritzi eta jarrera arrazistak identifikatzeko.

6.-Eskolatze lege berriak zalaparta sortu du, familia etorri berrientzat ere eragina izango duela uste duzue?

Lege berria eskola segregazioaren aurka kokatzen da eta hori familientzat onuragarria da,beti ere euskal hezkuntza sistema inklusibo bat eraikitzeko eta familia guztiek eskola-arrakastarako aukera berdinak izateko errotikako aldaketak proposatu eta honakoak bete daitezen kontrol neurriak eta irizpideak zehazten badira.

Adibidez, familia zaurgarrienek edozein eskolatarako duten irisgarritasunari buruzko kontrol-neurriak oso zorrotzak izan behar dira familiek matrikulatzeko aukera izan dezaten, materialen prezioari, guraso-elkarteetako kuoten prezioari, txangoen prezioari ere erreparatu behar zaio.

Bestalde, gure ustez, hainbat forotan euskararen eredu bakarrari buruz egiten den aldarrikapena aurrerapausoak ekar litzake familien aukera-berdintasunari dagokionez. Eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen dugu baliabideak eta errefortzuak aktibatzea, euskara ama-hizkuntza ez duten ikasleek euskara bereganatu ahal izan dezaten eta eskolan arrakasta izateko aukera berdinak izan ditzaten.

7.- Nola lagundu dezakegu etorri berri diren familien harreran?

Harrera denok inplikatzen gaituen kontua da, eta ezinbestekoa da gure eskola eta komunitatean elkarbizitza positibo bat egon dadin. Harrerari buruz hitz egiten dugunean, askotan pentsatzen dugu besteari laguntzean oinarritzen dela, baina familia guztien eskubidea da eskola-komunitatean babestuta sentitzea. Familien aniztasuna ezagutu eta aitortu behar dugu, eta horietara egokitu behar dugu eskola gisa. Proposatzen dugun harrera-eredua hizkuntza-aniztasuna, egoera eta premia sozial, ekonomiko eta kulturalak aitortzea eta, ahal den neurrian, horiei erantzutea da, aukera-berdintasuna eta eskola-arrakasta bermatzeko. Harrera jarraitua, familien eta haien beharren arabera aldatzen dena, eta ikuspegi holistikoa duena.

Gizarte gisa, harreran parte har dezakegu iritsi berri diren familiengana hurbilduz, eskolara ongi etorriak direla transmitituz, haien beharrei erreparatuz eta gauzatzen diren dinamika eta ekimenetan haiekin kontatuz.

8.- Zer suposatzen du zuentzat proiektu honen parte izatea?

Proiektu honetan parte hartzea justizia sozialean eta aukera-berdintasunean sinestea da. Guretzat, mundu bidezkoagoa lortzeko ekarpen txiki bat da.

Pin It on Pinterest

Share This