MIKEL VALERO
Behar sozialei erantzun, lana kapitalaren gainetik jarri, enpresen barne demokrazian sakondu eta langileentzako baldintza duinak landuko dituzten enpresak behar ditugu, baina, era berean, erantzunkidetasun soziala oinarritzat hartuko dituztenak.
Gure eskualdeak lurrikara ekonomiko ugari bizi izan ditu azken hamarkadatan; 1993 aduanaren ezabatzea eta 2008-ko krisia izango dira, agian, orain arteko aipagarrienak. Egun, Covid19ak testuinguru ekonomiko zail batean jarriko gaituela nahiko agerikoa da, nahiz eta nola zehaztuko den ez den oraindik argi.
Egoera berri honen aurrean, etorriko denari modu egokian erantzuteko beharrezkoa zaigun azterketan, guk jorratu nahi dugun lurralde lanketa ikuspegiak baditu nabarmendu beharreko zenbait ezaugarri:
LURRALDEAREN ULERKERA
Paradoxikoa gerta badaiteke ere, egungo testuinguru globalean “lokaltasunak” garrantzia berezia hartu duela ezin dugu ukatu. Gure lokaltasuna Behe Bidasoa da, eta ulertzen dugu eskualdearen garapenean badaudela kontuan hartu beharreko lau agente multzo: Instituzionalak, ekonomikoa, sozial-komunitarioak eta formatiboak.
ESTRATEGIAK PARTEKATU ETA ELKAR-LANA
Uste dugu bakoitzak bere agendak izan arren, hauek sintonizatzeko etengabeko lana beharrezkoa dela. Horrek ekarri dezake elkarlana ahalbidetu dezakeen interpretazio markoen sintonia. Elkarlana bai eremu barruan eta eremuen artekoa, hots kolaborazio publiko/pribatu/komunitarioa. Hau gure lurraldea ardatz izanik.
PERTSONEN BEHARREN ASETZEA HELBURU DUEN EKONOMIA BAT BEHAR DUGU
Asko landu izan den “eskaintza ikuspegi” bati (zer enpresa berri/berrituren eskaintzak egin dezake bidea?) “eskariarena” osagarritu behar zaio (ze behar sozial dira asegabeak, eta nola aktibatu prozesu ekonomikoak behar horien bueltan?). Behar horiek eskualde eskalan identifikatzearen apustua da gure, erantzuna bertako potentzia endogenoen artikulazioaz ematea eta horrela Tokiko Garapen sozialki arduratsu bat aktibatzea.
Plano ekonomikoan, uste dugu Ekonomia Sozialeko enpresek izan behar dutela agente nagusi, enpresa hauek tokian sustraituak izanik, lurraldearekiko konpromisoa baitute eta Tokiko Garapenaren onurak lurraldean geratzeko giltza enpresariala izango dira. Ekonomia Sozialeko enpresek, dituzten ezaugarriak medio, ehun ekonomiko iraunkorrago, erresilienteago eta ziurrago bat osatzeko indarra dute. BDS KOOPetik uste dugunez eskualdean, inondik inora, bada oraindik klabe hauetan artikulatu ez den potentzial bat. EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak aipatzen duenez, 2018ko datuak hartuta, Behe Bidasoan, Ekonomia Sozialeko enpresak errealitate bat dira eta zatikatuta egon arren, “potentzialitate” handia dute.
Ezaugarri eta esperientzia ugari ardatz hartuta, norabide honetan ari gara lanean BDS Koop-etik. Behe Bidasoan ere, tokiko garapenari ekarpena egingo dion, eta ekonomia sozialean oinarrituko den sare ekonomikoa indartzeko lanean; ulertuta, ziurtasunik gabeko testuinguru honen aurrean, eskualdean bizi baldintzak hobetzeko ekarpena dela.
EKONOMIA SOZIALAREN FOROA, ZERGATIK ETA ZERTARAKO?
Tokiko garapena bultzatzeko, ezinbestekoa da erakunde publiko, ehun ekonomiko eta soziala eta hezkuntza zentroen artean indarrak batzea, eskualdeko beharrei erantzungo dioten proiektu ekonomikoak sustatu eta pertsonen ongizatea jardueraren erdigunean jartzeko.
Tokiko garapenari ekarpena egingo dion sare ekonomikoa indartzen jarraitzeko eta Behe Bidasoa eskualdean ekonomia soziala sustatzeko eskualdeko eragileekin auzolanean jardun beharra dago. Zentzu horretan eta eskualdeko eragile publiko, ekonomiko zein sozialekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko Zuzendaritzaren babesarekin, Bidasoaldeko Ekonomia Sozialaren Foro iraunkor bat sortu nahi dugu.
Ekonomia Sozialaren Foroaren jarduna, bere atxikipena adierazi eta ekimenera gehituko diren, partaideen artean diseinatu eta garatzeko asmoa dugu, baina BDS KOOPetik, foroaren abiatze puntu gisa Eraldaketa Fabrika programa planteatzen dugu.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko departamenduarekin kontrastatu eta departamendu honen Lurralde Planifikaziorako ildoarekin bat egiten duen programa honen bitartez Ekonomia Sozialean oinarrituta, Tokiko Garapenerako proiektuak sustatu nahi ditugu, Ekonomia Sozialeko Foroa osatzen dugun eragileon baliabideetan oinarrituta.
ERALDAKETA FABRIKA PROGRAMA
Eskualdeko behar sozial edo nitxo ekonomikoen identifikazio partekatu baten gainean, kolaborazio publiko/pribatu/komunitarioz, egitasmo ekonomikoak martxan jarri nahi ditu Eraldaketa Fabrika Programak, beti Ekonomia Sozialaren klabeetan. Enpresa berriak sortu eta Ekonomia Sozialeko ehunean txertatu, lurralde estrategia partekatuaren bidez Tokiko Garapenean aktibo izan daitezen.
Lehen pasu bezala, eskualdearen egoeraren azterketa bat egin beharra dago: behar sozial eta ekonomikoak zein diren behatu eta horiek asetzeko dauden baliabideak jaso. Eredu ekonomikoa aldatzeko, formazioan ardura duten ikastetxe eta bestelako eragileekin batera saio teoriko, tekniko eta praktikoak jorratu behar dira, norberaren arrakasta helburu nagusitzat duen ekintzailetza ereduak alboratu eta aurrez egindako azterketetan detektatutako beharrei erantzungo dion ekintzailetza eredu berri bat bultzatuz. Ekintzailetza bide berri horretan, ideiagintza prozesu bat bultzatuko da, tokiko garapenerako interesgarriak diren enpresa posibleak zerrendatuko direna, ondoren, sortu daitezkeen egitasmo horiei, behin-behineko test fase baterako edo enpresa horien behin-betiko inplementaziorako bide-laguntza eman eta tokiko ekonomian txertatu daitezen.
Bide guzti honetan, inter-kooperazioa bultzatu beharra dago. Ekonomia Sozialeko enpresen arteko harremanak indartu eta elkarlaguntza sustatzeak, bakarrik, ekarriko du ehun ekonomiko berri horrek denboran iraun eta tokiko garapenean laguntzea; Behe Bidasoa osatzen dugun eragile ekonomiko, instituzional, sozial eta formatiboen arteko harremanak indartu eta saretzearen bidez estrategia bateratuak eraikiz eta eraginkortasuna handituz.
BDS KOOP osatzen dugunok, baditugu baliabideak eta esperientzia nahikoa, prozesuan ekarpena egiteko moduan. Horixe da gure borondatea. Horretarako baina, eskualdeko eragile instituzional, formatibo eta sozialekin harremanak sendotu behar ditugu, ekarpena norabide komun batean egin ahal izateko. Gure kabuz egiteak ez luke zentzu askorik, eta gure aburuz ez luke duen potentzial guztia askatuko; horregatik konbentzituta gaude, Ekonomia Sozialaren klabeetan jardungo duen foro iraunkor batek garrantzia estrategikoa duela gure eskualdean.