EKONOMIA AUZOGINTZAREN MESEDETAN?
TOKIKO GARAPEN BURUJABEA ETA ENERGIATESTUA: IKER EIZAGIRRE
ILUSTRAZIOA: LUCIA CALVO
Hiri jasangarri eta burujabeak egikaritu nahi baditugu auzoak lehen lerroko eskala ekonomiko dira. Bizitza desiragarriak bermatzeko beharrezkoak diren produktu/zerbitzu ahalik eta gehien ekoiztu-banatu eta kolektiboki kontsumitzeko eskala bezala ulertu eta landu behar dugu auzo-gunea. Halabeharrez “gertukoa” den ekonomia egite hori auzokideekin josi eta horrela ekonomia demokratizatzeko bide zidorra egiten hasi.
Ipar orratz bat eskaintzen digu Tokiko Garapen Burujabea-ren paradigmak ibili korapilatsu horretan ez galtzeko. Noranzkoa eta nolakotasuna argitzeko bi orratz.
- Ortzi-muga post-kapitalista: Natura (“baliabideak”) eta pertsonak erabiliz (enplegatuz) kapital metaketa amaigabea xede bakar duen zibilizazio eredua gainditzera goaz. Jenio zoroa lanpara barrura ekarri beharra dago berriz ere: Ekonomiak bizitzaren zerbitzura behar du eta ez alderantziz.
Beraz, ekonomia bitartekoa da. Komunitatearen trinkotze eta hedatze aurrerazaleari bide emetako eguneroko lan katea. Kapitalismoan dena arautzen duen D-M-D’ prozesutik, K-P/Z-K’ ziklora (1) igarotzea da erronka.
- Metodoa: Oinarrizko baliabideen publifikazioa (jabetza formala), horien norabidetze komunitarioa (planifikazioa) eta horren baitako erabilera publiko-kooperatiboa (jabetza soziala). Bizitza artikulazio horren bidez bir-sortzea alorrez alor, hortxe modua.
Jabetza publikoak pertsona guztientzat oinarrizko beharren asetze unibertsala bermatuko du. Planifikazio komunitarioak norabide ekonomikoaren demokratizazioa ekarriko du. Erabilera kooperatiboak (baldintza publikoen baitan) planifikazio hori operatibo eta konkretu egingo du, autogestio komunitario kuotak handituko dituen eredu publiko ez burokratiko bat argituz. Artikulazio honen hedapenak bizitzako alor gero eta gehiago logika komunitario baten pean kokatzea ekarriko du publikotasuna higatu gabe. Bizitza duinen, buruaskien logika hedakorra da eta hortaz gatazka fronte etengabe bat izango da egun ezarritako logika eta interesekin.
Paradigma honetan, herri-komunitatea litzake abiapuntua eta lurraldea osatzen duten beste bi agente multzoak (udala eta ehun ekonomiko-kooperatiboa) modu erradikalki demokratikoan erabaki den norabidetze ekonomikoa gauzatzera mugatuko lirateke. Autonomia erlatiboz baina interes orokorrarekin lerratzeko berme argiz.
Jakina denez, egingarritasunaren politika da gure eremua. Hortaz utz dezagun ideia bat argi: Gaur ezinezkoa da gure sustengu osoa auzo mugan kokatzea. “Auzo-autarkia”? Hori tentelkeria hutsa da.
Aitzitik, logika hau zenbait eremutan txertatzea posible da egungo hiri testuinguruan: Elikaduran (kontsumoa), energian (ekoizpenetik kontsumora), zaintza (prozesu osoa) edota telekomunikazioen sektorean adibidez. Aukera den horietan hasteaz ari garan, horietan ber-jabetza egitasmo auzotarrak ehuntzeaz. Gertuko kontrol ekonomikotik irabaziko dugu gaitasuna eskala handiagoetan artikulatzeko eta honela burujabetza ekonomikoa bizitzako alor guztietara zabaltzeko(2).
Erronka handien aurrean, aukera leihoak irekitzeko beharrezkoak dira hitz handiak. Zehaztapen, adibide eta txikitik eragiteko proposamenak baita ere. Hortaz, pulunpa gaitezen auzo-gintza ekonomikorako bide oparoa eskaintzen digun eremu konkretu batean: Energia.
EKARRI AUZORA: ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KOMUNITATEAK (EBK)
Multinazionalen mirabe den Europar Batasunak ere onartu behar izan du: Energia erronkari txikitik eragiten eta buruaskitasun energetikoa sustatuz egin behar zaio aurre. Ez da beste modurik.
Honetarako Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK)(3), tokiak toki sortzen laguntzeko baliabideak jarriko dituela agindu du.
EBK-bat, energiaren edozein eremu modu herritarrean kudeatu nahi duen pertsona talde bat da. Tokiko udalak lagundu dezake egitasmoa, enpresa txikiek ere parte hartu dezakete baina argi: Komunitatearen jabetza eta kontrola herritarrena da beti. Enpresa handien esku-hartzerik gabekoak legez, zeinetan xede soziala beti mozkinen gainetik egon behar duen (irabazi asmorik gabeko figura iradokitzen du).
Euskal Herriko zenbait txokotan, praktikan EBK-ak konkretatzen ari dira herrigintza egitasmo ezberdinak: Irabazi asmorik gabeko energia berriztagarrien komunitate kooperatiboak sortzen ari dira. Zertarako?
Lehenik eta behin energia buru-askitasuna eraikitzen hasteko herriz herri, auzoz-auzo: Auto-kontsumo partekatuko instalazio fotoboltaikoak(4) eraikitzeko, efizientzia energetikoa hobetzeko auto-aholkularitza zerbitzuak izateko, berogailu sistema partekatuak egiteko, garraio partekatuko sistemak ehuntzeko, etab. Aukerak asko dira izan ere EBK baten xedea hori da: Energia tokian toki modu jasangarrian ekoiztu, banatu eta kontsumitzeko egitasmoak sortzea.
Komunitateak izpirituz eta legez (baita aspektu operatibo eta teknikoak medio) gertukoak izan behar dira. Honek ahalbidetzen du energia modu komunitarioan kudeatu ahal izatea, ahalbidetzen du baliabideen aprobetxamendua eta egitasmoen bideragarritasun eta efizientzia. Exijitzen du eskala txikian masa kritikoa izatea. Era berean udalaren parte hartzearen aukerak eta komunitatearen izaera demokratikoak, bermatu beharko luke eskuragarritasun unibertsala: Inor ezin da kanpoan geratu arrazoi ekonomikoak medio. Hots, EBK pobrezia energetikoari auzogintzatik erantzuteko tresna indartsua da.
Halabeharrezko gertutasunak, hiritik auzora garamatza. Aukerek, epe-motzeko imajinazioa dantzan jartzen dute: Bete ditzagun auzoko sabaiak eguzki plakez (partikularrak eta publikoak) eta bana dezagun energia auzotar guztien artean. Mozkinekin egin dezagun energia burujabetzarako eskolatxo bat eta efizientzia eta gastua aurrezteko aholkularitza zerbitzu bat auzotarrentzako. Izan dadin guzti hau ama-naturaren alde baina baita ere auzoaren alde: Energia gastua txikitu eta energiaren bueltan auzo-kideen hartu emanak indartu. Auzoa hobetu. Eta hortik aurrera, denon artean, ikusiko dugu.
Zergatik ez? Bidea sasiz josia egon arren baldintzak teknikoak emanak daude, erronka argia da eta auzogintzatik egin dakioke aurre.
ETA HAU OROKORTUKO BAGENU?
EBK-ak aukera bat baino ez dira. Aipatu tokiko garapen burujabearen logikan kokatzen dena, tokiko gobernua, komunitatea eta honen auto-eratze ekonomikoa (irabazi asmorik gabeko kooperatiba) uztartzeko aukerak ematen dituena. K-Z/P-K’ zikloa materialki gauzatzeko herri egitasmoa. Baina ezin al da logika hau gure auzoan, hortaz hirian eta lurraldean hedatu? Berriz ere irudimena bor-borka.
Zergatik ez auzo bakoitzean tokiko produktuen denda kooperatibo bat, zeinak sustengu publikoan duen edozeinek kalitatezko elikadura eskura izatea bermatzeko? Zergatik ez lur publikoa lortu eta beharrezko sustengu publikoz tokiko ortuez ornitu denda hauek? Eta… Auzo bakoitzean telekomunikazio aske talde bat? Sare Ireki Libre eta Neutrala (SIAN) udalarekin elkar-lanean eraiki eta kudeatuko luke, interneterako sarbidea unibertsala eginez eta egungo GAFAM(5)-en kontrolemiari aurre eginez. Aukera al da auzo bakoitzean gertuko zerbitzu publikoak baloratu, diseinatu eta kasuan kasu modu komunitarioan kudeatzeko auzo-taldeak egotea? Ekipamenduak, gertuko udal bulegoa edota sustengu publiko irmoa duten zaintza sareak modu eraginkorragoan elkar-kudeatzeko ateak irekiko lituzke horrek. Hain zaila al da auzo bakoitzean bertako gazteen emantzipazio behar momentuari erantzungo dieten gazte-etxebizitza komunitarioak irudikatu eta gauzatzea? Auzoan jaio eta bizi ahal izateko tarteko aukera bat, ekarpen komunitarioa eginez eta hiritar kritiko bezala heziaz auzoko belaunaldi berriak.
Aipatu logika komunitaristarekin (K-P/-K’) hirukoa, herritik abiatu eta udal zein agente ekonomikoak artikulatzera iritsi beharko ginateke herri burujabetzaren baitan. Molde honekin bizitzako esparru guztietan agertzen diren beharrak asetzea da erronka komunitarista.
Eta… momentu jakin batean auzoko kooperatibak elkartuko bagenitu auzo-kooperatiba anitz bat sortu eta bizitzako aspektu hauek denak modu komunitarioan kudeatzeko?
“Kooperatiba-produkzioak (…) sistema kapitalista ordezkatu behar badu; elkartutako kooperatiba-sozietateek produkzio nazionala arautu beharko dute plan komun baten arabera. Kooperazioan norabide ekonomikoa bere kontrolpean hartu beharko dute eta ekoizpen modu kapitalistak berezko duen etengabeko anarkia eta aldizkako konbultsioekin amaitu. Hori horrela bada, zer dugu begien aurrean; ez al da hori komunismoa? Ez al da hori “egingarria” den Komunismoa?”
(Karlitos Marx, 1871)
Komunismoa!?. Ongi etorri bada gure auzora.
Marx, “nazioaz” ari zen Pariseko Komunako lehen langile gobernuak sortu zuen aukera leiho izugarriaren pasioak jota zegoelako. Gurea ez da oraindik altxamendu handien garaia. Hortaz oinak lurrean edukitzea zintzotasun betebehar bat da. Dena den, aipatu logikak, gaurtik, auzotik, ortzi-muga komunitarista eraikitzeko bide bat irekitzen digu. Burujabetza lantzeko eskala gertukotik eta horrekin komunitate egiteko. Masa kritikoa artikulatzeko.
Etorriko dira etorkizun ez hain urruneko batean, etorri beharrekoak.
1- D-M-D’ hirukoak “kapitalaren zikloa” laburbiltzen du: Dirutik merkantziara eta honen salerosketatik dirua+mozkinera (D‘). Prozesu sozial hori da Kapitala. Gertakari hori etengabe eta modu gero eta hedatuagoan burutzea xede duen sistema eta horretarako behar diren bitarteko guztiak jartzen dituena (pertsonak, formazioa, legeak, baliabideak, natura, ideologia, etab.) da jendarte eredu kapitalista. Horren aurrean, jendarte komunitarista batek ekonomia komunitatearen esku jarri behar luke (K) eta komunitate hori mantentzeko produktu eta zerbitzuen ekoizpena (P/Z) komunitate hori hobetzeko bide bezala erabili (K’). Bizitza kolektiboaren hedapen amaigaberako apustua egin. Izan ere, baliabide naturalak ez bezala, harreman inter-pertsonalen garatzeak ez du mugarik.