BIZIBUSEAN ESKOLARA

TESTUA: OIER MARTINEZ VIOLET

Bizibusa (bizikleta eta autobus hitzak batzen dituen kontzeptua) eskola eta institutuetara ikasleak era antolatuan eta taldeka bizikletaz joatea sustatzen duen ekimena da.

Helburu nagusia mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzea izanik, haur eta nerabeen autonomia garatzea bilatzen du era berean. Ekimen hau jada ezaguna den eskola-bidearen osagarria da, eta distantzia luzeetarako pentsatuta dago; bi ekimenak osagarriak dira.

Bizibusa, orokorrean, hezkuntza mundura (lehen eta bigarren hezkuntza, batez ere) lotua dago, baina, badira antzeko ekimenak beste esparru batzuetan ere. Adibidez, Hego Amerikan, bizikletaz, taldeka eta era seguruan lanera joateko sustatzen da.

Burutazioa, pandemia honetako asmakeria badirudi ere, lehenagotik datorren ekimena da bizikleta eta mugikortasun aktiboa sustatzen duen kontzeptu hau. Reggio Emilia edota Genovako kasuak, biak Italian kokatuak, 2003an hasi zuten beren ibilbidea; beraz, ez da berrikuntza bat, aurretik existitzen den kontzeptu bat baizik. Izan dira antzeko proiektuak Europako beste hainbat hiritan, baina ez dira asko gertuago ikus ditzakegun ereduak. 2012An, Leganesen (Madrilen) eta Kataluniako hainbat hiritan (2010-2015) zenbait saiakera egin ziren, baina, ikasturte batetik bestera, ez zuten jarraipenik izan.

Aurreko ikasturtean, Kataluniako hainbat hirik Bizibus berriak abiatu dituzte.

NOLA FUNTZIONATZEN DU BIZIBUSAK?

Bizibus linea batek autobus linea baten antzera funtzionatzen du (horregatik ‘bus’ hitza); hau da, ibilbide definitua dauka, eta, bertan, hainbat geltoki, non ikasleak bizibusera igo daitezkeen. Ikasleak geltokian izaten dira, bizibusa iritsi zain, eta, bertatik pasatzean, taldera batzen dira.

Lehenengo geltokian, bizibusari hasiera emateko, ikasleak biltzen dira, eta, partaideen adinaren arabera, guraso edo arduradun talde bat izaten da haiekin. Ikasle guztiak bertan daudela berretsi edo baieztaturik, ibilbide aurreko argibide batzuk gogorarazten dira, hala nola, bidegorria ez dagoen tarteetan errail erditik joatea edota taldean batera joatea, eta, ostean, ibilbideari hasiera ematen zaio. Bizibusaren hasieran, ‘gidari’ bat joaten da bidea markatzen.

Bizibusa geltoki batera gerturatzean, bertan itxaroten dauden ikasleak jaso, eta bertara ‘igotzen’ dira. Inor atzean ez uzteko, ikasleek, aldez aurretik, izen-ematea egin behar dute, adieraziz lineko zein geltokitan itxaroten egongo diren. Era horretan, bizibusak ez duela ikaslerik ahazten ziurtatzen da. Kataluniako ereduan, adibidez, izen-ematea App bidez egiten da. Horrela, geltokiz-geltoki, ikastetxera iritsi arte. Katalunian antolatu diren Bizibus ekimenek ez dute egunero funtzionatzen; egun bakar batean egiten dute ibilbidea, gehienetan ostiraletan, baina proiektua aste osora eraman daitekeela argi dago.

Orokorrean, bizibus lineek bidegorriak erabiltzen dituzte, izan ere, gaztetxoen segurtasuna baita lehentasuna, baina horrek ez du esan nahi bidegorriak dauden lekuetan soilik garatu daitezkeenik bizibusak. Bartzelonako kasuan, adibidez, ibilbidearen zatirik handiena trafiko irekian egiten dute (errail bat edo bi dauden barrutietan), eta bidegorritik doan atala murritza da oso. Ez larritu, gaztetxoak seguru joaten dira! Segurtasunaren gakoa taldean eta pelotoi modura joatean datza; Era horretan, beste ibilgailuek (auto, motor, kamioi edo autobusek), bizibuseko partaideak ikustean, abiadura moteltzen dute.

Teorian, edozein lekutan funtziona dezake bizibusak, baina, praktikan, eskolak edo institutuak gutxieneko irisgarritasun bat izan behar du: leku oso aldapatsu batean kokatua ez egotea, etab, eta ikasleak ezin dira urrunegi bizi. Horrelakorik ez badago, esperientziak erakutsi du bizibusak funtzionatuko duela.

ETA ZERGATIK AGERTU DIRA ORAIN BIZIBUSAK?

Gaur egun bizitzen ari garen pandemia egoerak, era nabari batean, mugikortasunaren inguruko kontzientzia piztu du. Zehatzago, mugikortasun jasangarri eta aktiboago bat sustatu du; hau da, oinez edo bizikletaz gehiago mugitzera eraman gaitu. Horrela, pandemia aurretik, ibilbideak auto pribatuan egiten zituen jende ugari, ibilbide horiek oinez edo bizikletaz egitera pasa da. Eskolatik eta eskolarantz egiten diren ibilbideak logika eta joera horren barruan sartzen dira.

Baina geure seme-alabak (gazteenak batez ere) joan al daitezke eskolara era autonomo batean? Prestatua al dago gure ingurunea?

Aurreko ikasturtean, 45.000 biztanle dituen Kataluniako Vic herriko eskola bateko hainbat guraso eta irakaslek erronka hau planteatu zuen: guraso-elkarte, ikasle eta irakasleen artean antolatuta, haur eta lehen hezkuntzako ikasleak (3 eta 12 urte bitartekoak) eskolara bizikletaz joatea lortzea.

Hasiera batean proiektu oso txiki bat bezala sortu zena, eskola bakarreko 20 ikasle inguruk hartu baitzuten Bizibusa, ikasturte amaierarako, Kataluniako 16 hezkuntza zentro baina gehiago batu ziren, eta, ostiralero, 400 ikasle baino gehiago, bizikletaz joaten ziren eskolara.

Proiektu hau ez da soilik herri edo hiri txikietan garatu. Tamaina guztietako udalerrietan ibili ziren bizibusak aurreko ikasturtean: Amposta (20.000 biztanle), Lleida (137.000 biztanle) eta Sabadell (250.000 biztanle), besteak beste. 1,6 milioi biztanle duen Bartzelonan ere, garatzen hasia da proiektua.

Hasieran paperaren bidez egiten zen izen-ematea, birpentsatu egin zen Bizibusa hazi bezain azkar, eta soluzioa App bat garatzea izan zen. App hau ere hasierako sustatzaileen artean garatua izan zen. Elementu berri honekin, bizibusen antolakuntza erraztu, eta mugikortasun-ohituren aldaketen inguruko datuak jasotzea ahalbidetu zuen.

Izan ere, bizibusek, eskolara bidean mugikortasun aktiboa sustatzeaz gain, hasiera batean espero ez ziren helburuak lortu ditu. Ostiralero, eskola sarreretan 200 auto baina gehiago pilatzea ekidin du, baina, horrez gain, seme-alabak eskolara autoz zeramatzaten gurasoen ehuneko altu bat, bizibusa dagoen egunean, bizikletaz joaten dira seme-alabekin batera eskolara, eta, bertatik, bizikletaz lanera. Bizibusa mugikortasuna aldatzeko bektore egokia da.

Hiri eta herri horietan Bizibus ekimena egunero garatuko balitz, bertako mugikortasun ohituretan ekarriko lukeen aldaketa adierazgarria litzateke. Argi dago, horretarako, udalerri bakoitzeko administrazioak bizibusak gauzatzen lagundu behar dutela, ezin da ikastetxeetako guraso-elkarteen esku utzi proiektu osoa. Horretan ari dira jada Kataluniako udalerri eta administrazio asko, besteak beste, Bartzelonako Zona Metropolitanoa (AMB).

Pin It on Pinterest

Share This