BIZI NAHI DUGUN LURRALDEON DANTZA

BIZHIRIAK

TESTUA: IKER EIZAGIRRE

Denon lan-eskubidea bermatzeaz harago, zertarako lan egiten dugun ere galdetu behar diogu geure buruari. Guztiok ondo bizitzeko baldintzak sortu nahi baditugu, erantzuna iraulketa sistemiko baten beharra da. Erronka da demokratikoki definitzea zeri deituko diogun ongi bizitzea eta nola bihurtuko dugun horren egikaritzea erantzukizun kolektibo (…) ez dago atzera buelta posiblerik, eraikitzeko etorkizunak besterik ez.

(Amaia Perez de Orozco, Subversión Feminista de la Economía -2014-)

Gure eskualdean oinak ditugula, egokitu zaigun mundua ulertzeko saiakera da BizHiriak. Txingudi badia besarkatzen duten hiru hirietatik munduari so egiteko plaza kolektiboa. Garaiaren konplexutasuna lurraldera ekarri nahi dugu, gorputzera. Sentitzetik, ulertzerako jauzia eginez. Esperientziak konpartituz eraldatzeko gaitasunak biltzeko. Lurralde bizigarriak ehundu nahi ditugulako, trantsizio eko-sozialaren xendara bultzatu nahi dugu gure eskualdea.

Ez gara inozoak eta ez dugu kirtenkeria zabaldu nahi. Jakin badakigu krisi anitzek zeharkaturiko garaia dela gurea. Globalizazio neoliberalaren alabak ere bagara eta apenas bizi izan dugu beste garairik. Zailtasun ekonomikoekin dantzan iaioak gara, dela etxebizitza duin baten atzetik dela gure lana duintzeko saiakeran. Egunerokoak erakusten digu sistema ekonomiko hau ez dela justua. Pentsa, Intermon Oxfam-ek kaleratu berri duen azterketaren arabera munduko %1-ak, gainontzeko %99-ak duen aberastasuna, halako bi pilatua du honezkero. Azken hamarkadan ekoiztu den aberastasun guztiaren %50-a super-aberats horien poltsikora joan da. Bai desberdinkeria sistematikoa, ez ausazkoa: super-aberatsenen ondarea 2.700 dolar hazten da egunero eta bitarte horretan 1.700 milio behargin inflazioak txirotuak dira. Egunero egunero batzuen poltsikoak gainezka besteonak husten diren bitartean.

Hau gutxi balitz, Joseba Azkarragak “koloso” izendatu zituen horiek iritsi dira: krisi klimatikoa, energetikoa eta bio-aniztasunarena. Koloso hauen oinkada bakoitzak sortzen duen dardarari erritmoa hartu ezinik gabiltza oraindik ere: gerla, inflazioa, baliabideen urritasuna, peak-oila, sistema ekologikoen kolapsoa, berotzea, fenomeno klimatikoen bortiztea, desertifikazio prozesuak, migrazioak… Kapitalismoaren zibilizazio korapiloak gero eta estuagoak dira eta ukatzeak ez digu onik egingo. Konplexutasuna ulertzeari uko egiteak, demagogiaren altzora ekarriko gaitu.

Korapilo hauen aurrean, Euskal Herriak ere badu zer pentsatua. Behar honen alde 2 datu sorta baino ez (Gaindegia, 2023). Lehena energia kontsumoari dagokiona: %89 ingurura heltzen den menpekotasun energetikoa dugu eta kontsumitzen dugun energiaren %44 (agortzen bidean den) petroliotik dator oraindik ere (berriztagarrietatik %14 baino ez). Honekin loturik bigarren sorta, aldaketa klimatikoari dagokiona: gure lurraldearen isuriak, munduko bataz-bestekoa alako bi dira, ardura nagusia industria eta garraio sektoreetan dagoelarik (eta ez etxe kontsumoan). Honenbestez Euskal Herriak kasik 3 planetako zor ekologikoa du eta beraz, beste geografia eta belaunaldiekin zorpetzen bizi gara.

Baina katastrofismoaz gotortzea ez da aukera bat. Lurra dar-dar ari den honetan geldi egotea bizitzari uko egitea baita. Guk dantzatu egin nahi dugu, mugimenduarekin eredu aldaketarako mugimendua eragin.

Munduan arazo asko? Txingudin erronka ugari? Gure egunerokoa, gure gorputzak etengabe zeharkatzen dituen prekarietatea? Bai. Horiek denak hartuta eta gure zahurgarritasunez jabe, hartu denak arro eta etorri Bizhiriak dantza-plazara. Lotsa gabe hemen denak gara hauskor eta. Beldurrik gabe, elkar-loturak egiten gaituelako sendoago, gaiago, boteretsuago. Lotsarik gabe, trantsizioaren dantza honetan denak baikara hasi berriak.

Txingudin trantsizioaren pausoak gidatzeko lurralde orkestraren bila

Gure etxeko sofatik munduari so egitean ezkortasunak irensten gaitu, “zer egin dezaket nik bada krisi sozio-ekologiko honen aurrean?”. Aldiz, lurraldera begiratzen badugu, errealitate bat biluzten da: asko dira eredu aldaketa prestatzen ari diren proiektu eta pertsonak Txingudin. Ni-tik gura egiten dugu jauzi lurraldean eta gure potentzialez jabetzen gara.

Gertutasuna da baikortasuna ernaltzeko eskala. Bertatik, trantsizioaren orkestra osatzen ari diren musikariak, sekzioak eta melodiak entzun daitezke. Elikaduran, energian, mugikortasunean, zaintzan, telekomunikazioetan, etxebizitzan, … bakoitza berea ari da konposatzen, besteekiko sintonia bilatzen duen era berean.

Elikaduraren melodiek lehen tonua ezarriko dute Txingudiko eraldaketa mugimenduan, auzi zentrala baita. Eredu agro-industrial batetik, tokiko sistema agro-ekologikoen eredura igarotzen joatean dago erronka. Ahal den neurrian, lurra-ekoizpena-banaketa eta kontsumoa lurralde eskala gertukoetan ehuntzean dago gakoa, eskualdetik hasi eta ingurukoekin saretuz. Aurrez aurreko ekonomia oinarri duten elikadura sistemak dira hauek, eskualdeko garapen ekonomikoa dibertsifikatzen laguntzen dutenak. Honez gain, ekoizleen baldintzak duintzen laguntzen dute eta osasungarriak diren elikagaiak ekartzen dizkigute platerera. Gure elikadura menpekotasuna %95 inguru dela jakinik, bizi-segurtasun auzia bilakatu da elikadurarena. Eskualdean badira tokiko kate hau errotu nahi duten esperientzia ezberdinak. Hala nola, Sorburu (ekoizpena), Badoa (banaketa), Labore Txingudi (kontsumoa) eta baita zabor kudeaketan ere. Gainera, egiteko honetan aliantza sareak egin dira Euskal Herriko lurralde-ekoizleekin. Eraiki dugunaz jabe izanez, zeintzuk dira datozen pausoak gidatzeko hurrengo notak?

Jatea bezain garrantzitsua dugu elkar-komunikatzea. Eguneroko horretan telekomunikazioak edozein komunitateren eremu estrategiko bilakatu dira. Egungo eredua sasi monopolista da eta honela, konpainia erraldoiak dira gure sareak kudeatu eta arauak jartzen dituztenak. Monopolio honek etekin itzelak dakartza alde batetik eta boterea den informazioa bestetik (datuak). Biak ala biak esku pribatuen menpe daude. Honen aurrean martxan diren alternatiba ugari dago. Horiek denak SIAN kontzeptuaren baitan bildu genitzake: Sare Ireki Aske eta Neutralak. Euskal Herriko txoko ezberdinetan daude martxan. Elkar-lotzeak, melodia bereko orkestra berean jotzeak, potentzialitate itzela emango lieke egitasmoei. Euskal Herritarrok gure telekomunikazio azpi-egituren politika modu burujabean erabakitzeko tenorean egongo ginateke, hau irisgarri eginez denontzat (prezio herrikoiak) eta hauen baitan den boterea demokratizatuz (datuen kontrol publiko-komunitarioa). Josiko al dugu Txingudin ere sare librezalea?

Orkestrek eta dantzariok, oina behar dugu. Lurraldetu behar gara. Baita dantzariok ere eta bizitzaren aldeko notek auzo, hiri, baso eta ibaiak bustitzea lortu nahi dugu. Lurraldea jarri nahi dugu dantzan! Baina… nola ulertu gure lurralde den Txingudi?

Ulerkera hori fintzeko beharretik egingo dugu topo eko-feminismoarekin. Betaurreko berde-moreekin dantzan elkar-menpekotasunez jabetuko gara: bizitza formen guztien artean osatzen dugun eko-sistema zaintzearen beharra. Gure burua, gure gorputza sare horretan kokatzen dugun momentutik, gure lurraldea beste nota batzuekin sentituko dugu. Genero ikuspegiarekin begiratuko dugu eraldatu nahi dugun hiri patriarkala, bizipena irakaspen iturri bilakatuz. Gozamena, aliantzetarako ongarri eginez. Espazioak, hiriak eta lurralde antolamenduak genero (ez)berdintasunarekin dituen loturak arakatuko ditugu.

Eskualde oso urbanizatu batean bizi gara eta gurean trantsizio sozio-ekologikoak hiri usaia du. Aliatu bila gabiltzala laster egingo dugu auzoekin topo, gure hiriak artikulatzen dituzten errepublika txikiekin. Izan ere, bakoitzak badu bere historiatxoa, bere izaera, baita bere arazo eta proposamenak ere. Hitz batez, bakoitzak badu bere musika. Haatik badute denek oinarri komun bat: hiri eredu behetik gora pentsatzeko doinuzaleak dira denak. Erritmo honek hiriari txikitasunetik, egunerokotik, auzo-bizitzaren beharretatik begiratzen dio. Hor jartzen du oina eta bertatik sortzen dira beste hiri eredu baterako soinuak: auzo planak, kontra-planak, ekipamenduen aldeko proposamenak, berde guneen defentsa, hiri inklusiboen aldarriak, gertutasunaren hiria,… Horiek denak, gure hirietan trantsizio sozio-ekologikoa lurraldetzeko heldulekuak izan daitezke.

Auzoak aingura badira ere, orkestra honek ez du aurrera egiterik izango bere doinuen uhinak eskala handiagoa hartzea lortzen ez badute. Posible al da energia trantsizioa, zaintza sistemaren iraultzea, elikadura sistemen tokikotzea, telekomunikazio askeen sareen ehuntzea, etxebizitza politiketan aldaketa edota hiri ereduen aldaketa auzoetatik soilik eragiten badugu? Anglosaxoien esamolde batek dion moduan, “txikia, ez txikiegia da ederra”. Eskala ezberdinetatik esku-hartze mota ezberdinak beharko dira. BiziHiriak-en orkestrak eskualde sintonia kausitzeko ahalegina egingo du. Behetik gorako logika demokratizatzaile batean kokatzen bagara, ez al da Txingudi eskalan eragiteko unea? Desiragarria al da aipatu trantsizioa indartzeko eskualde erakundetzean indarra jartzea? Melodia honen lehen notek doinu baikorrek baiezkoa iradokitzen dute.

Musikaz, dantzaz eta mailukadaz ekarriko dugun esperantza

Esamolde txinatar batek hala dio “mailua denak, iltzeak besterik ez ditu begiztatzen”. Adiera positiboz ulertuta ekarri dugu gurera, izan ere, bizi nahi duenak bizitzari heltzeko kimuak besterik ez ditu ikusten. Eta bada non begiratu, bada non eragin.

Inozokeriarik gabe eta garaiak mahai gainean jarri dituen erronken tamaina ulertzen saiatuko gara BizHiria-en. Elkarrekin identifikatuz eredu berri baterako kimuak eta landuz hauek ureztatzeko moduak. Goxotasuna beharko duen prozesuari helduz, mailukadak ere eskatuko dituen xendaren bideak arakatuz. Besterik ez bada, Txinguditik dagokigun ardura hartu eta lurralde bizigarri bat ehuntzeko saiakeran tematzeko. Arrazoimen indibidualaren ezkortasuna, borondate kolektiboaren baikortasunaz gainditzen saiatzeko.

Ulermenetik, arduratik, gozamenetik eta partekatzetik. Lurraldetik eta gorputzetik. Dantzaz eta behar denean baita mailukadaz ere.

Bizitzaren aldeko lurraldeak josten.

Gu ere lurraldea baikara.

Bizi nahi dugun lurraldea.

Pin It on Pinterest

Share This