Views: 63

ATSOLORRA

AMATASUNAK FEMINISMOTIK

TESTUA: PAREAN ELKARTEA

Amatasunak emakume askoren bizitzak zeharkatzen ditu. Jaiotze tasak beheranzko joera duen arren, amatasuna hor dago.

Estatu espainoleko Estatistika Institutuaren arabera, 35 urtetik gorako emakumeen %77,2koa da ama, (2018ko Ugalkortasunari buruzko inkestatik ateratako datuak oinarri). Haatik, emakume askok bizi duten paradigma den arren, feminismoak ez dio orain arte amatasunaren gaiari eutsi. Ez bere horretan bederen.

Ugalketa bai izan da feminismoaren guda zelaietako bat. Asko eztabaidatu da ugalketaz feminismoaren historian zehar, baina sexualitatearen ikuspuntutik edo haurdunaldia eteteko eskubidearen aldetik arakatu izan da gaia. Gure sexualitatearekin gozatzeko ahalmena zein abortatzeko dugun eskubidea sutsuki defendatu beharrekoak dira, noski. Baina aukeratutako amatasuna egon badago, eta mataza horri ere tira egin behar zaio. Amatasun ereduen artean ere talka nabaria dago eta bidegurutze askoren artean aurkitzen dira ama bihurtzen diren emakumeak. Ume biologikoa bada, erditze naturala ala medikalizatua; bularra ala biberoia, bularra noiz arte?, lanerako itzulera noiz eta zein baldintzatan… Ataka guzti hauetan zirt edo zart egin beharrean aurkitzen dira amak, bakoitzaren erabakiak justifikatu beharra sentituz eta, maila batean, emakumeen artean elkar epaituz.

Gure ustez amatasunak lantzeko aukera zabaldu behar du feminismoak, amatasunaren gaiari eutsi eta ahizpatasun kolektibotik begiradak elkarbanatu eta egungo diskurtsoetan eragin.

Amatasunak eta feminismoak harreman korapilatsua izan du beti. Mendeak joan eta mendeak etorri, emakumeok gizartearentzat izan dugun funtzio nagusiena amatasuna dela esan zaigu. Finean, emakumearen destinoa ama izatea, -eta are gehiago, ama ona izatea-, izan da patriarkatuak historian zehar sendoturiko ideia. Eta noski, honen aitzinean emakume-ama binomioa haustea izan da feminismoaren sorreraren borroka garrantzitsuenetakoa.

Urteak baina, ez dira alperrik igaro eta amatasunak ere bestelako bideak hartu ditu. Argi dago, tamalez, amatasunaren eredu tradizionala nagusi dela gaur egun ere. Zaintzaren ardura emakumeen gain dago oraindik. Zaintza bere orokortasunean, eta noski, baita seme-alaben zaintza maila handi batean ere. Eta zaintzaren ardura gainera, erruz beteta daramagu emakumeok sorbalda gainean. Garai bateko ama on eta sakrifikatuaren betekizuna indarrean dago oraindik, eta honi lan munduan bere lekua mantentzeko sistema kapitalistak galdegiten digun eskakizuna gehitu behar zaio. Bogan diren sare sozial eta komunikabideek ez dute bidea errazten, eta gure iruditegia seme alaben ongizatea guztiaren gainetik lehenesten dituzten korronteetako ama eder eta perfektuekin betetzen dute… Halako baldintzekin zaila da zaintza eta amatasun bide berriak ibiltzea….

Baina hala eta guztiz ere, geroz eta gehiago dira dauden amatasun ereduak, zaintza eredu ezberdinak ere. Hauek baina modu isolatuan garatzen dira, bakoitzak bere bakardadean eta inguru hurbila ahal bezala inplikatuz. Egon badauden praktika interesgarri hauek, baina, feminismoaren aterkiak eman lezakeen oihartzunaren zain daude tamalez.

Kontutan hartu beharra dago ere amatasuna, -pobreziarekin, mendekotasun ekonomikoarekin eta desgaitasunarekin batera–, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak ahulago bihurtzen dituen faktore bat dela. Hala ondorioztatu du Etxe barruko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak, izan ere, Estatu espainolean 2016, 2017 eta 2018 urteetan indarkeria matxistagatik hildako emakumeen lautik hiru amak ziren.

Feminismoak gainditu ez duen ikasgaia da amatasuna eta gaiaren aurrean entzun-gogorrarena egiten duen bitartean tamalez, euren bizitzako une konkretu batean, umezurtz uzten ditu emakume asko eta asko. Ama izateak eraldaketa itzela dakar emakumeen bizitzan eta etapa horretan sortzen diren kezka, galdera, zalantza eta aldarrikapenek ez dute lekurik aurkitzen feminismoan. Hutsune honek emakume hauek feminismotik aldentzera eramaten ditu bizitzako une horretan. Irtenbidea eman nahi diogu honi eta feminismoak zain duen amatasunaren inguruko eztabaidari koska egin nahi diogu Atsolorra deitu diogun proiektuarekin.

Ama izatea bizipen intimoa da, baina aldi berean, bizipen politikoa ere bada. Feminismoaren premisa garrantzitsuena da pertsonala politikoa bihurtzea. Eta horixe da egin nahi dugun ariketa. Amatasuna feminismotik bizi eta joko politikoan kokatzea, bakardadea eta indibidualismoa gainditu eta bizipenak elkarbanatuz, hausnartuz eta gaia zuzenean landuz.

Atsolorra garai batean Euskal Herrian egiten zen jaiotza- erritua zen. Egun ia galduta dagoen erritu horretan, haurra jaiotako baserrira auzoko emakumeak bisitan joaten ziren, ama berriari laguntzeko asmoz. Atsolorraren erritua Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurrekoa zen, hau da, XVI. mende aurrekoa.

Berreskuratu ditugun atsolorrekin amatasun feminista eraikitzeko plaza sortu nahi dugu. Amatasunak ezartzen digun kortsea hautsi eta askatasunez hausnartzeko. Orain arte esan diguten guztia zalantzan jarri, des-ikasi eta amatasunen hariari tira eginez, amatasunaren mataza ikuspegi feministatik askatzeko espazioa bilakatuz.

Nola bizi ditugu amatasunak feminismotik? Galdera honi erantzuteko asmoz abiatutako proiektua da Atsolorra eta emakumeei hitza eman eta entzuteko asmoz saio ezberdinak egin ditugu Gipuzkoan zehar. Hernaniko emakume etxean eta Pasaian izan gara bizipenetatik hausnarketak harilkatuz, eta datorren urriaren 25ean eta azaroaren 8an Errenteriako Emakume Etxean izango gara.

Saioetan bildutako iritzi eta bizipenak aberasteko, inkesta bat ere jarri dugu abian eta bertan edonork hartu dezake parte. Hauxe parte hartzeko lotura: https://labur.eus/atsolorra

Denen ahotsa batuz, amatasuna nola bizi dugun ezagutu eta ikertu nahi dugu. Saio eta inkestarekin ateratako ondorioak gainera, Emagin elkarteak irekiko duen plazan aurkezteko aukera izango dugu. Izan ere, amatasunen hariari tira egiteko bokazioz, datorren azaroaren 11 eta 12an (Ez) Amatasunak ikuspegi feministatik Jardunaldiak antolatu ditu Emagin Elkarteak Donostiako Tabakalera Aretoan.

Amatasunaren inguruko eztabaida ere irratira zabaldu nahi dugu eta horretarako gaiaren inguruko podcastak grabatu ditugu. Amatasun eredu ezberdinak, ez amatasunaren atzean ezkutatzen diren arrazoiak edota zaintza eredu berriak izango ditugu hizpide podcastetan. Hauek Pareaneko web orrian edota Antxeta irratian izango dira entzungai.

 

 

 

 

Pin It on Pinterest

Share This