ARDURAZ KOMUNIKATU DEZAGUN
TESTUA: AITZIBER ZAPIRAIN ETXANIZ
ILUSTRAZIOA :LUCÍA CALVO SÁNCHEZ
Nola sentitzen gara emakume kazetariok orri zuri, mikrofono edota kamara baten aitzinean. Hatzak edo ahoa astintzen hasi, informazioa edota albistea lantzeari ekin, eta geldiunea bapatean. “Ongi al dago horrela? Ez al da hobe beste gisan adieraztea? Berdin ote du? Eraginik izanen ote du komunikatzen ari naizen moduak?” Zalantzaz betetzen zaigu burua. “Eragina zertan baina?” pentsa dezakezu irakurle. Bada eragina izan dezake arrazakerian, xenofobian edota indarkeria matxistan, besteak beste.
Gogoeta hauetatik abiaturik, barrura begira jartzea erabaki genuen Antxeta Irratian. Irrati komunitario garen heinean, jendarte eraldaketara bidean funtzio sozial bat dugula uste dugulako. Hala, euskarak genero markarik ez duela jakinik, baina hizkuntzak beren baitarik sexistak ez direla argi ukanez, komunikazioa burutzerako unean, aplikatzen dugun ereduari so ibili gara zenbait hilabetez. Hedabideak ere indarkeria matxistaren aurkako eragile izan daitekezkeela konbentzituta. Adi baina, hizkuntzaren erabilera okerra eginez konplize edo sustatzaile ere izan daitezkeelako.
Etxetik hasi eta Euskal Herriko zenbait herri hedabideetako hizkuntza erabilera ohiturak arakatu ditugu. Hamabi kazetari eta hizkuntzaren erabileran zein feminismoan adituak diren hiru emakumerekin. Amelia Barquin, Mondragon Unibertsitateko irakaslea lehena, Kattalin Miner ekintzaile feminista eta prozesu feminista eraldatzaileetan aditua bigarrena, eta hirugarrenik Irene Arrarats Berria egunkariko estilo liburuaren arduraduna.
“Pentsatu al duzue inoiz hizkuntza modu batean ala bestean erabiltzeak eraginik ukan dezakeela indarkeria matxistan?” galdetu diegu denei. Argi dute baietz. Eta ardura horrekin lan egiten dute egunerokoan. Goiz, eguerdi eta arratsez. Prentsa idatzian ari direnek gogoetatzeko edo modu pausatuago batean lantzeko aukera aipatzen duten arren, modu orokorrean “asmatu” behar diotela azpimarratzen dute. Alegia, titularrarekin, azpi-tituluarekin, testuaren hasiaren, garapenean, amaieran eta nola ez argazkiarekin. ”Dena bikain egin dezakezu, eta garaiz amaitu, presiorik gabe, baina argazkiak hankaz gora jarri dezake aurrez eginiko lan txukuna. Tentuz ibili behar dugu elementu guztiekin”. Horrela azpimarratzen du Maite Asensio, Berria egunkariko kazetariak.
Maialen Kortabarriak berriz, lau urtez Arrosa, Euskal Herriko irrati libreen sareko, Zebrabidea magazinaren gidari izan denak tertuliaren espazioa kentzea erabaki zuen. Magazinaren eduki eta gidoiarekin gustora egon, eta tertuliak “ongi ateratzen ez bada, dena izorratu dezake” dio irmoki, emakumeontzako espazio erosoak ez direla aldarrikatuz. “Gizonek edozein gai aipa dezakete, inork zalantzan jarriak izan gabe. Emakumeok ordea, gaiaren inguruan adituak garela frogatu behar dugu ahoa zabaldu aurretik. Ez dira espazio orekatuak eta are gutxiago feministak” azaltzen du. Berauek moderatu behar dituen komunakatzaileak edo kazetariak parte-hartze oreka, modua eta elkarren arteko errespetua oso ongi kudeatu behar ditu horrelako espazio baten saioa “zikindu” ez dezan. Kattalin Miner adituaren iritziz baina, espazio oro egokitu beharko litzateke, emakumeok ere hauetan eroso sentitu arte. Arrazoia du, “ baina hori ere zuengain hartzeko prest al zaudete” galdetzen du ondoren.
Gogoetarik ez da falta ikusentzunezkoan. Galdera ugari pausatzen dizkiogu elkarri. Momentuz arraposturik ez duten galderak, baina noizbait erantzuteko gai izanen garela argi dugu. Garaiak aurrera doaz, egoera eraldatu egin da hedabideetan. Izan ere, garai batean aipatzen zen, bazegoela erredakzioetan feminismoarekin konprometitua zegoen emakume kazetari bat. Eta haren bizkar egon ohi ziren zenbait lan, hainbat zama. Egun ordea, lan honen prozesua burutzen ari ginela, oraindik ere egiteko asko dagoen arren, sentsazioa izan dugu, emakume kazetari feminista bakartiaren motxila, erredakzio osora eraldatu dela. Esan genezake, hedabidea bera konprometitu dela, feminisoarekin, hizkuntzaren erabilera egokiarekin. Arduraz komunikatzeko konpromisoa hartua dago gure iritzi, Euskal Herriko herri ekimeneko hedabideetan. Hanka sartzen segituko dugu ziurrenik, are gehiago matxismoa sustatzen duen jendarte kapitalista batean bizi garen bitartean. Ikasten eta akatsak zuzentzen jarraituko dugu ordea. “Hizkuntza bizitzeko modu bat da, komunikaziorako tresna bat baino gehiago. Nola bizi nahi dugu?” esaten du Irene Arratsek.
Horra gogoetarako galdera mardula.
Antxeta Irratian ongi bizi nahi dugu. Gure entzuleengana ongi iritsi nahi dugu. Eta horretarako ongi komukatu behar dugu. Egoki. Inor baztertu gabe, eta bereziki gure komunikazio ereduarekin inori kalterik egin gabe.
Ez dut inoiz dudarik ukan, eta ikusentzunezko hau amaitu ostean esateko beharra sentitzen dut. Gurean ditugun herri ekimeneko hedabideetan kalitatea gailentzen da kantitarearen gainetik. Euskal hiztunok, ez dudarik egin! Kioskoan, uhinetan, telebistan… euskal herri ekimeneko hedabideen alde egin. Ez zara damutuko!
Borobiltzeko, eskerrak eman nahi dizkiet lan honetan parte hartu duten guztiei, benetan. Ederra izan da bidea.