Berriz ere bildu gara Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egun honetan Nafarroako Parlamentuan, Nafarroan pobrezia eta desberdinkeria ezabatu behar direla eta herrialde pobretuekiko konpromisoa sendotu beharra dagoela berriro aldarrikatzeko.
Gizarte Erakundeen Plataforman ari garenok 150 erakunderen baino gehiagoren izenean dihardugu eta behar diren politika publikoak garatzea aldarrikatzen dugu pertsonarik zaurgarrienen egoera hobetzeko, ardatz harturik Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 Nafarroako Ituna.
2024 honetan, geldirik dago Itunaren jarraipena; horrenbestez, zuengana etorri garen honetan, esan beharra dago iaz baino ziurgabetasun gehiago daudela.
Ez dugu zalantzan jartzen pobreziarik eta esklusiorik eragiten ez duen eredu ekonomikoarekiko konpromisoa, aberastasuna banatzea eta gizarteratzea sustatuko duen ereduarekikoa; aldi berean, gainera, garapenerako nazioarteko lankidetza lehen mailako politika publiko gisa aldarrikatuta, hura osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren, etab. parean jartzeko. Baina, ez dugu aurrera egiterik izanen jakin gabe nola gauden eta zer hobetu behar dugun; horrenbestez, guztiz funtsezkoa da abian jartzea Itunaren jarraipena egiteko tresna.
Munduko biztanleriaren % 1 aberatsenak aberastasun handiagoa dauka biztanle guztien % 95ek baino; 713 milioi pertsona muturreko pobrezian daude, eta 117 milioi pertsona baino gehiago daude indarrez desplazatuak. Nafarroan, herritarren % 17,2 pobrezia arriskuan edota gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan bizi dira; eta, adibidez, desgaitasuna duten hiru pertsonatatik bat gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dago.
Arazoaren muinean pausatu behar dugu begirada; izan ere, azken bost urtean, hazi egin dira mila milioidunak COVIDek eragindako krisiaz baliatuta eta, aldi berean, gerta liteke 1.000 milioi pertsonak beren elikadura ziurtatua ez izatea, hots, inoiz ez bezalako kopurua da.
Era berean, gaur egun, gorroto-diskurtsoak hazten ari dira justiziaren aldeko mezuei aurre egiteko, bai eta aurre egiteko ere dela desberdinkeriaren eta gizarte esklusioaren kontrako borrokari, dela klima-aldaketaren kontrako mezuari, dela migratzen duten pertsonen aldeko mezuei. Horrelako diskurtsoak gizarteko sektore batzuen atsekabea bideratzen duten taldeek abiarazi eta bultzatzen dituzte, sektore horiek bizi duten egoera korapilatsuen errua gutxiengoei leporatuta.
Diskurtso horiek ez dira hitz hutsak; hitzek ezagutza sortu eta birsortzen dute. Gorroto-diskurtsoei dagokienez, ezagutza lerratuak eta faltsuak dira, aurreiritziz beteak, eta indarkeria nahiz intolerantzia sustatzen dituzte.
Argi dago jende gehienak ez duela sortzen eta elikatzen ez desberdinkeria, ez pobrezia, eta ez dute eragiten gizarte talde askok duten prekarietatea.
Gizarte Erakundeen Plataforman ari garenok ez genuke nahi Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizun hau beste ekitaldi huts bat izatea egutegian. Behar-beharrezkoa da behar bezalako politika publikoak izatea, haietan pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borroka ardatz nagusia izan dadin. Horrenbestez, Nafarroako Parlamentuak 2021ean sinatutako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Ituna garatzea funtsezkoa da helburu horiek erdiesteko.