Views: 3

Iruñeko Katakraken 80 lagunetik gora bildu ginen atzo, 10 urte bete genituen egunean egindako ekitaldian. Gure ibilbidea errepasatzeaz gain, aurrerantzean ere ekonomia sozial eraldatzailean “errizomatzeko” beharra eta konpromisoa nabarmendu nahi izan genituen.

Olatukoopek, ekonomia eta lurralde eraldatzaileen errizomak, 10 urte bete ditugu. Hasierako zortzi-hamar enpresa haietatik, 60tik gora gara orain Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) bueltan saretuta gabiltzan kooperatibak, herrigintza elkarteak eta eragile sozioekonomiko kooperatiboak. Guztira 600 langile inguruk osatzen dugu sarea eta, horiez gain, Olatukoopeko kide edo bazkide diren kontsumo kooperatiben baitan biltzen diren hainbat eta hainbat bazkide erabiltzaile edo zerbitzu bazkideak.

Atzo Iruñean egin genuen ekitaldia. Bertan nabarmendu genuen moduan, hamar urte eder, gogor bezain interesgarri eta beharrezko izan dira. Denontzako bizitza oparoago baten aldeko konpromisoak gidaturiko hamar urte. Eta ibilbidearen errepasoa egiteaz gain, azken urteetan hartutako norabidearen argibide nagusiak azaldu genituen. Besteak beste, oinarri ireki berriak, berregituraketa ariketa kolektiboa eta, lan ildo estrategikoen baitan, Euskal Herri osoan zehar garatzen eta hedatzen gabiltzan lurralde eraldaketarako proiektuak.

Izan ere, ekintzailetza soziala eta lurralde eraldaketako proiektuak tokian tokiko eragileekin ari gara lantzen, bertako beharrei erantzunak bilatzen. Ekintzailetzatik lurraldekintzara pasa behar dugula uste dugu, horretarako, tresna eta esku-hartze modu ezberdinak martxan jarriz.

Gainera, Olatukoopen errizoman hainbat eta hainbat eragile joan dira batzen urte hauetan guztietan, eta atzoko ekitaldian ere tartetxoa eskaini nahi izan genizuen: Gezki, Lanki, Eskubide Sozialen Karta, Emagin, Katakrak, Koop57, Amillubi eta Ciutat invisible. Mila esker zuen hitzengatik. Olatukoopetik aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzeko gonbidapena luzatu dizuegu. Eraldaketa erronka berriei elkarrekin eta interkooperazioan eutsi nahi diegu.

Urteurrenarekin batera, argitalpenen ildo berri bat ireki dugu eta asmoa dugu praktika ezberdinetatik ekiten ikasitako horrekin guztiarekin ezagutza partekatu bat sortzea modu irekian. Atzokoan bi argitalpen banatu genituen -biak ala biak, eskuragarri dituzue webgune honetako argitalpenen atalean-:

“Ekonomia eraldatzaileak. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamen bat”. Liburuxka. Oscar Garcia Jurado eta Olatukoopeko hainbat kideren artean osatua.

“Herri kooperatibak”. Gida. Lurralde-eraldaketarako eta herrigintza sozioekonomikorako tresna berri bat.

Urteurrenarekin jarraitzeko, larunbat honetan Donostian egingo dugu jaia. Goizean sarekideentzat ekimen ezberdinak egingo ditugu. Ondoren, bazkaria eta, arratsaldea girotzeko, Goxo txarangarekin emango diogu amaiera ospakizunari.

The post 10 urte ekonomia eta lurraldeak eraldatzen appeared first on Olatukoop.

Pin It on Pinterest

Share This